Gursen izandakoei aitortza

Guaixe 2017ko urr. 6a, 09:03

Gurseko hilerria.

Handik pasa ziren 500 nafarren omenez egindako monumentu bat mustu zuen Uxue Barkos lehendakariak larunbatean.

Oloroe-Donamariako Gurseko kontzentrazio-esparruan izan ziren bostehun nafar ingururi omenaldia egin zien Nafarroako Gobernuak larunbatean. Historiako pasarte ilun horretan nafarrak egon zirela egiaztatzen duen monolito bat mustu zuen Uxue Barkos Berruezok. Gursen izandakoen artean, gutxienez, 28 sakandar izan ziren. Eta haien ordezkaritza bat presente izan zen ekitaldian. Oroigarria mustu ondoren, erakundeetako ordezkariek eta bertaratutakoek krabelin gorrien lore-eskaintza egin zuten monumentuaren aurrean.

Hitzaldiak
Ekitaldian hitza hartu zutenen artean Esteban Fernandino zenaren alaba Anitak hartu zuen hitza: “erbestea gauza ikaragarria da. Aitari min handia egin zion. Hemen milaka pertsonari mina egin zien. Eta arrazoi politikoengatik, edo goseagatik, euren herrietatik alde egitera behartuak dauden pertsonei min handia egiten segitzen die. Hori ere esan beharra dago. Gaur pozik nago gure historia berreskuratzen dugulako hemen eta Espainian. Gaur Gurseko eremuak bere sortze historiarekin topo egin du; Frankismoaren kontrako borrokalari horien guztien historia, zibilak, soldaduak, hegazkinlari, brigadistak eta beste”.


Anita Fernandino hizketan, Dimas Fernandino uhartearraren alaba.

Lehendakariak erbesteratuek jasandako jazarpena eta errepresioa, Nafarroan eraildako 3.000 pertsona baino gehiago, kartzelatuak eta umildu zituztenak izan zituen gogoan. Urteetako isiltasunak senide eta adiskideen babesgabetasuna handitu zuela nabarmendu zuen. Barkosek bere Gobernuak bakea, bizikidetza eta giza eskubideak defendatzeko duen konpromisoa, aniztasuna errespetatuz eta bake-kultura sustatuz. Tokiko agintariek eta memoria berreskuratzeko lanean ari diren erakundeetako ordezkariek ere hartu zuten hitza. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariordea, Javier Ollo Altsasuko alkatea eta Maria Flores Uharteko memoria taldeko ordezkaria.


Eremuan zeuden barrakoi baten errepika ikusteko aukera izan zuten larunbatean.

Gurseko esparrua
Gurseko esparrua 1939. urtean sortu zen errefuxiatuen esparru gisa, frankismoaren errepresiotik ihes egiten zuten lau pertsona-talde hartzeko. Talde horietatik jende gehien zuenetako bat euskaldunena eta nafarrena zen, Argelesetik Gursera eraman zituztenak. Bigarrena, zenbait herrialdetatik etorritako Nazioarteko Brigadetako kideez osatuta zegoen, egoera politikoa eta ekonomikoa zela-eta beraien jatorrizko tokietara ezin zirenak itzuli. Hirugarrena, hegazkinlariena gisa ezaguna zena, egia esan, armada errepublikanoko teknikariz osatuta zegoen. Eta laugarren bat ere bazegoen, Estatuko zenbait tokitatik etorritako pertsonez osatuta zegoena. Guztira, 18.000 pertsona baino gehiago zeuden Gursen barruan 1939. urteko udaberrian.

Alemaniak Frantzia okupatu ondoren, 1940. urtean, Vichyren erregimenaren agindupean, esparrua kontzentrazio-esparrua izatera pasa zen, batez ere Europako zenbait lekutako juduak sartzeko, baina baita disidente politikoak eta beste gutxiengo batzuk ere, hala nola ijitoak, homosexualak eta abar. Bigarren aro horretan Espainiako errepublikanoak ere egon ziren Gursen.

Barrakoi baten egitura barruan, porlanezko zoruan jarritako plaka irakurtzen.

Zenbait ikerketa lanek berretsi dute jatorri nafarreko 435 pertsona gutxienez igaro zirela Gursen esparrutik. Gobernuak senideekin izandako harreman zuzena lan horretan lagungarria ere izan da. Horien artean zeuden UGTko kideak (jende gehien zuen taldea), CNTko afiliatuak, komunistak, sozialistak, EAJko kideak, Ezker Errepublikanokoak, Eusko Abertzale Ekintzakoak edo afiliazio politiko ezaguna ez zuten pertsonak. Horiek guztiek Pirinioetatik ihes egin zuten errepresio frankistatik. Asko ez ziren berriro itzuli eta erbestean bizi behar izan zuten, Frantzian, edo baita lur amerikarretan ere

Txarrantxaz inguratuta, soldaduek zainduta, han zegoen lokatza da askok eta askok gogoratzen dutena. Gaur egun Gurseko kontzentrazio eremuan izan zirenei buruz dagoen dokumentazio guztia  garaiko Eusko Jaurlaritzak egindako bisita bategatik da, zerrendak osatu baitzituzten. Izan ere, naziak iristean eremuko dokumentazio guztia erre zuten, errepublikazaleak salbatzeko. Frantziaren kontrolpean zegoen eremu hura eta zaindariek Espainiara joateko animatzen zituzten han zeudenak. Gurs ondoko herrietakoek jatekoekin eta laguntzen zieten. II. Mundu Gerra bukatzean kontzentrazio eremua erre eta zuhaitzak landatu zituzten. Gaur egun basoa da eta hilerria zein berreraikitako barrakoi bat oroigarriak dira han gertatutakoaren lekuko.

Barrakoiaren sarrera.

Gurseko eremun egondako sakandarrak
Herria Izen-abizenak Erakundea
Izurdiaga Julio Monedero Simon JSU/UGT
     
Irurtzun Braulio Ilzarbe Jauregui UGT
     
Irañeta Victor Goñi Erbeti STV
     
Uharte Arakil Dimas Fernandino Perez  
  Luis Fernandino Perez FUE
     
Etxarri Aranatz Bonifacio Fernandez Ayestaran UGT
  Antonio Velasco Arana UGT
     
Altsasu Valeriano Albistur Mazkiaran UGT
  Jose Celaya Aguirre CNT
  Cristobal Celaya Iriarte CNT
  Joaquin Etxebarria Imaz UGT
  Jose Garrues Santesteban UGT
  Jose Maria Gorospe Lezea CNT
  Francisco Lecea Larraza UGT
  Javier Mazkiaran Larraza ANV
  Domingo Otxoa Imaz UGT
  Modesto Prieto Alvarez JSU
  Esteban San Jose Gallego NC
  Martin Soler Zanguitu PSOE
  Enrique Urizar Zelaya UGT
  Octavio Victoria Lacilla PSOE
  Jose Zornoza Zanguitu UGT
  Juan Zubiaurre Garcia NC
     
Olatzagutia Carmelo Gauna Malo ANV
     
Ziordia Valentin Aguirre Goikoetxea UGT
  Francisco Arza Ondarra  
  Hilario Arza Ondarra  
  Blas Lategui Arozarena PCE



Soslai batzuk


Dimas Fernandino.
Uhartearra Toledon ikasten zegoela izan zen 1936ko estatu kolpea. Tokiagatik eta familiaren konpromisoagatik errepublikako armadan aritu zen, 1938ko maiatzetik. 18 urte zituen. Gerra bukatuta, Kataluniatik Frantziara jo zuen. Argeles Sur Merko hondartzan txarrantxadun errefuxiatu eremuan hotza eta hezetasuna bizi izan zituen. Anaiarekin kasualitatez topo egin zuen eta hark bizia salbatu zion. Handik Gursera eraman zituzten. Lokatza eta euria. Lan batailoiei izkin egin zien eta naziak Frantzian sartzen ari zirela Espainiako erresistentziarekin harremanetan jarri zen. Aran ibarra hartzeko egitasmoak porrot egin zuen. Nazien kontra borrokan segitu zuen.

Gerra ondoren, ezkutuan Iruñera, Bilbora eta Madrilera joan zen. Urte bat estalita eman zuen. Bere arrebak gerrako umeak ateratzeko lanean aritu ziren eta haiek familia berriro elkartzeko programan sartuta, Fernandino errefuxiatu gisa hartu zuten Frantzian, Parisen. Hiriburuan ezkondu zen. 1961ean ezin izan zuen amaren hiletara etorri. 1996an hil zen.


Luis Fernandino.
1916an jaio zen Uharte Arakilen. Zortzi anai-arreba ziren. Medikuntza ikasten ari zela harrapatu zuen estatu kolpeak. Gerra mediku zerbitzuetan eman zuen. Ebroko batailan izan zen eta errepublikarrek hura galdu ondoren Bartzelonara joan zen. Frankistek garaitzean Frantziarantz jo zuen eta Angeles sur Merko hondartzako txarrantxaz inguratutako kontzentrazio eremuan sartu zuten. 1939ko apiril hartan elurra egin zuen eta han ziren guztiek gorriak pasa zituzten.

Gursen 1941era arte egon zen. Naziak ordurako Frantziaz jabetu ziren eta kontzentrazio eremuan zabaldu zen zelaiko buruek jarritako hitzordura joaten zirenak desagertu egiten zirela. Luisek halako deialdia jaso eta hanka egitea lortu zuen. Kontrabandista batendako kobrez betetako motxila bat garraiatuz pasa zuen muga, dokumentazio faltsua aldean zuela. Madrilera jo zuen eta odol deliturik ez zuenez libratu zuten. Medikuntzako azken ikasturtea egin zuen 1943an eta hurrengo urterako titulua zuen. Segovia, Uharte Arakil, Markina, Ezkarai, Caparroso eta Araian izan zen mediku. 1984an Gursen izan zen, baina dena aldatuta zegoenez (baso bihurtu da), horregatik desorientatuta ibili zen.

Luisen eta Dimasen aita beste bat ordezkatuz, eta kobratuz, joan zen soldaduskara (ohikoa orduan). Hura bukatzean armadara bueltatu zen eta Kubako gerran izan zen. Handik malariak jota bueltatu zen eta hil egin zen. Haren seme Primitivok eta Josek Toledoko umezurtzen eskola militarrean ikasi zuten eta handik hiri bereko infanteria akademiara pasa ziren. Estatu kolpeak anai bakoitza alde banatan harrapatu zuen. Primitibo estatu kolpearen aldekoekin aritu zen eta gerran hil zen. Jose, berriz, errepublikazaleekin. Atxilotu eta heriotza zigorrera kondenatua izan zen. 1950 ingurura arte bete zuen espetxe zigorra. Atera eta Bilbon eta Valentzian izan zen. Jubilatzean Uhartera bueltatu zen. Gursen izan ziren bi anaien bi arrebek ere hanka egin behar izan zuten: Filomenak Venezuelara eta Elodiak Frantziara, Tolosan bizi izan zen.

 


Valeriano Albiztur Mazkiaran.
Altsasuarra, metalurgialaria ogibidez, 1906ko apirilaren 4an jaio zen. Estatu kolpearen ondoren errepublikaren alde borrokatu zen eta, azkenean, beste hainbat altsasuarrekin batera Gurs-eko kontzentrazio eremu frantziarrean bukatu zuen. Handik atera eta Okzitaniako Tolosara joan zen bizitzera. Naziek han harrapatu eta Vernet, Caserne Caffarelli, Bordele eta Mauthausengo kontzentrazio eremuak ezagutu zituen. Azken horretan 1944ko irailaren 16an sartu zuten eta naziek 97.516 zenbakia eman zioten.



Martin Soler Zangitu.
Altsasuarra. Delineantea. Sozialista, estatu kolpearekin batera Altsasu utzi behar izan zuten askotariko bat izan zen. Gerra galdu eta gero Argeles sur Merko kontzentrazio eremuan bukatu zuen. Telesforo Monzonen lagun mina (abertzaleekin harreman ona zuen), biek adostu zuten euskal errefuxiatuak Gursera ekartzea, Euskal Herritik gertuago egoteko. Gursen kanpoko lehen burua izan zen. Bere ikasketengatik Gursko zelaia diseinatu zuen, egitura eta barrakoiak.

Kontzentrazio eremuan lauzpabost hilabete eman zituen eta Arudyko lantegi batera tornulari gisa lan egitera ateratzea lortu zuen. Gero berean lan egiteko aukera izan zuen. Oloronen bizi izan zen. Handik kontzentrazio eremukoak asko lagundu zituen:jatekoak, arropa, ikasketak… Bere etxean errefuxiatu gazteei irakatsi egiten zien. Eta asteroko errefuxiatuen bileretara ez zuen hutsik egiten. Euren egitekoetako bat dirua biltzea izan zen, iristen ziren errefuxiatuei laguntza momentuan emateko; gaixo zeudenei operazioak ordaintzeko, jatekoa emateko.

90eko hamarkadan Mexikoko eskuko maleta gisa ezagutzen den argazki bilduma opatu zuten. Zazpi hamarkadatan gordeta eta desagertuta egon ziren Robert Capa argazkilari ezagunaren argazki sorta zabala. Espainiako Gerra Zibilean hartu zituen. Solerren seme bat erakusketa ikusten ari zela, aitaren argazkiarekin topo egin zuen.  

Octavio Vitoria Lacilla.
Altsasuarra, Manuela Gerriko Goikoetxearen senarra. Kisusgilea, PSOEkoa dela dio gobernuak publiko egindako zerrendan, baina etxean beti FAIkoa zela esan da (babes moduan filiazioa aldatzen zuten). Estatu kolpeak Iruñean harrapatu zuen. Altsasura etorri eta beste askok bezala ihes egin behar izan zuen. Uníos Hermanos Proletariosen (UHP) milizia bateratuko Rusia frontean aritu zen gerran, iparraldeko frontean eta Santanderren. Han galdu ondoren, Frantziatik Kataluniara jo zuen. Gerra galtzean Frantziara joan zen eta Angeles sur Merko hondartzetan prestatutako kontzentrazio eremu izan zuten. Hotz handia pasa zuten. Jatekoa txarrantxen gainetik botatzen zieten. Gursera lekualdatu zuten. Espainiara entregatua soldadu langileen batailoi batean lan behartuak egiten izan zuten frankistek. Tetuan aldean izan omen zen hiruzpalau urtez. Oso gaizki pasa zuen han. Bukatu zuenean herrira bueltatu zen, gaixo, eta hil egin zen.

Cristobal Zelaia Iriarte.
Altsasun jaioa. Nekazaria eta CNTkoa. Estatu kolpeak Loiolako kuartelean soldaduska egiten harrapatu zuen. Kuarteleko buruzagiak kolpisten alde jarri ziren eta han ziren menpeko guztiek hala egin behar izan zuten. Donostiako frontean errepublikaren alde borrokan zebilen bere koinatuaren kontra aritu zen. Soldaduskan luze aritu behar izan zuen, baina bukatzean errepublikaren alde egitera pasa zen. Lleidara oinez joan zen. Gerra bukatzean Frantziara jo eta Gursen bukatu zuen. Handik herrira bueltatu zen.

Jose Zelaia Agirre.
Nekazaria eta CNTko kide altsasuarra. Zerbait gertatuko zen zurrumurrua bazebilen aurreko egunetan eta estatu kolpea jo zutenean, altsasuar askok bezala San Pedron elkartu eta handik Ataunera jo zuen. 26 urte zituen. Eibarren arma fabrika bat asaltatu eta eskopetak bereganatu zituzten. Iparraldeko frontean CNTren batailoi batean aritu zen. Han eskopetak fusilengatik aldatu zituzten. Asturiasko frontean zauritu zuten eta ordutik ospitaletik ospitalera ibili zen; Frantziara barkuz eraman eta gero Kataluniaraino. Alta ematekotan zirela, Ebroko frontea erori zen eta Frantziara alde egin behar izan zuen. Hondartza batean prestatutako eremu batean izan zuten, 1939an Gursera lekualdatu zuten arte. Bere koinatu bat Txilen bizi zen eta hark paperak tramitatu zituen Hego Amerikako herrialdera joateko. Pablo Neruda poeta Txileko kontsul berezia zen eta berak errepublikazaleak ateratzeko bi itsasontzi antolatu zituen, haietako baten izena Winnipeg zen. Zelaia bestean joan zen. Txilen larruak egiten zituen fabrika batean lan egin zuen. 50ko hamarkada hasieran bueltatu zen eta bikotekidearekin Txilera ezkontzera bueltatu ziren. Han izan zuten familia. 1967-68 aldera bueltatu ziren Altsasura.

Javier Mazkiaran Larraza.
ANVko kide altsasuarra. Estatu kolpea jo zutenean 16 edo 17 urte zituen eta beste adinkide batzuekin batera Altsasutik Gipuzkoara hanka egin zuen. Iparraldeko frontean borrokatu zuen eta baita Kataluniakoan ere. Gerran aurpegian tiro bat jaso zuen. Frantziara jo zuten gerra galdu zutenek eta Angeles sur Merko hondartzan izan zen. 20 urterekin sartu zuten Gursen eta han teilatu bat zutelako pozik zegoela esan zien senideei. Bizpahiru urte eman zituen esparruan eta txiripaz  Mauthauseneko kontzentrazio eremura eramana izateaz libratu zen, baso lanetarako langile premia zuen Atharratzeko gizon batek kontratatu zuelako. Zuberoako herrian etorkin andaluziar batzuen alabarekin ezkondu eta 10 seme-alaba izan zituzten. Berak ezin izan zuen Altsasura bueltatu, emaztea eta seme-alabak etorri izan ziren, eta familia topaketak Hendaian edo Donibane Lohitzunen egin zituzten.

Argazkiak: Aitziber Etxaiz Soria.