Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen kontrako agenteak ikastaroa antolatu du. Bego Zestau Baraibar teknikariak azaldu duenez, ikastaroan “zurrumurruak hausteko, edota gutxienez horien inguruan zalantza sortzeko estrategiez hitz eginen dugu. Beste jatorrietako edo kulturetako pertsonen inguruan esaten diren estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruak egonkortzen dituzten hizkeren inguruan, eta pertsona horiengan duten eraginen inguruan kontzientzia kritiko bat” piztu nahi du ikastaroak.
Horretarako, ikastarora doazenak eztabaidarako gaitasuna hobetu eta emaitza hobeak lortzeko estrategiak ezagutuko dituzte. Baina helburua ere bada zurrumurruen kontrako agenteak trebatzea: “egunerokoan gure inguruan entzuten ditugun zurrumurruak pixkanaka hausten joateko, hartara diskriminazioaren oinarrietako bat apurtuz”.
Horretarako, Zestauk azaldu duenez, “beste pertsonekiko dugun ezagutza hobetu, aniztasunean elkarbizitza errazteko” bitartekoak emanen dira. Gainera, “zurrumurru, estereotipo eta aurreiritzien inguruan hausnartu, eta nigandik desberdina denarekiko ditugun aurreiritzien oinarrian hausnartuko da”. Bestetik, zabalduen dauden zurrumurruei aurre egiteko estrategiak eskainiko dira, komunikazio eta estrategia emozionalak landuz. Horrekin batera, Nafarroako Zurrumurruen Kontrako Sarera gehituko diren zurrumurruen kontrako agenteak trebatu nahi dira.
Ikastaroa
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko irakasleek ibarrean egin duten ikerketaren aurkezpena eginen dute aurreneko saioan. Bigarrenean, berriz, Raquel Moreno soziologoak eta giza parte hartzean espezialistak zurrumurruak kudeatzeko estrategia komunikatibo eta emozionalak azalduko ditu. Azken saioan, berriz, estrategiak praktikan nola jarri eta zurrumurruen kontrako agente nola bihurtu azalduko dute, Zurrumurruen Kontrako Nafar Sarearen aurkezpenarekin batera.
Trebakuntza saioak azaroaren 10ean, 11n eta 17an izanen da, ostiraletan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara. Guztira 10 orduko iraupena du eta Mank-ek Lakuntzan duen egoitzan eginen da. Doakoa da.
Izen ematea
Azaroaren 7ra arte egin daiteke, immigrazioa@sakana-mank.eus e-postara idatziz edo 648 070 710 telefonora hots eginez.