Lau sakandar Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketan

Guaixe 2017ko urr. 10a, 10:00

Bertsolari gazteak trebatu, jendaurrean kantatu eta Iruñerriko publikoa bertsozaletzeko asmoa du lehiaketak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Iruñeko Udala eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin, Nafarroako bertsolari gazteei eskainitako Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa antolatu du. Aurreneko edizio horretan 16 eta 30 urte bitarteko 18 bertsolari gaztek parte hartuko dute. Haietako lau sakandarrak dira: Saats Karasatorre eta Unai Artieda etxarriarrak eta Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrak.

Bikoteka ariko dira bertsolariak, zozketak erabakitako moduan. Etxarriarrak elkarrekin ariko dira, Alegre Joanes Ilarregirekin batera ariko da eta Granizo, berriz, Mikel Lasarterekin. Hiru kanporaketa jokatuko dira eta bakoitzean hiruna bikote ariko dira bertsotan. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea finalerako sailkatuko da.

Bertsolariez aparte, Nafarroako eskualde eta bertso eskola desberdinetako kideak aritu dira saioetarako gaiak prestatzen. Saioak epaitzearen ardura, berriz, publikoarena izanen da. Horretarako, ikusleen artean epaitze orriak banatuko dira.

Lehiaketa
Ostegunean hasi zen Bertsokabi-Eugenio Arraitza txapelketa. Sakandarrak bigarren saioan sartuko dira lehiatzera. Joanes Ilarregi-Ekain Alegre, Josu Sanjurjo-Iñigo Gorostarzu eta Mikel Lasarte-Idoia Granizo bikoteak ariko dira Iruñeko herriko tabernan, bihar, 19:30ean. Azken kanporaketa lastailaren 20an, ostiralean, 20:30ean, Barañaingo gaztetxean jokatuko da. Amaia Elizagoien-Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza-Aitor Irastortza eta Saats Karasatorre-Unai Artieda bikoteak bertsotan ariko dira. Hiru kanporaketetako irabazleak lastailaren 26an, 19:30ean, Iruñeko Arrano elkartean jokatuko den finalean neurtuko dira.

Xalto Sariketaren ordezkatzeko
Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa (Andres Narbarte ‘Xalto’ bertsolariaren omenez, Goizuetan) eta Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon). 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamahiru edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, seigarren aldia izan zuen joan den urtekoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.

Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen 2016an Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.

Arraiza
Egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan. Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren eta Karrikiri elkartearen sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean. Era askotako ekimenak sustatu eta babestea xede, Euskokultur Fundazioa eratu zuen 2000. urtean, Maria Josefa Fernandezekin batera. Fundazio haren egoitzak ematen dio aterpe Nafarroako Bertsozale Elkarteari.