Preferente mailan laugarren jardunaldian sufritzea tokatu zaie gure taldeei.
Doneztebetik puntu batekin etorri ziren Lakuntzako Lagun Arteako jokalariak. Partida irabaztear egon ziren lakuntzarrak, baina azken unean Doneztebek launa berdintzea lortu zuen.
Lehen zatian nagusi izan ziren lakuntzarrak. Atsedenaldira hiru goleko errentarekin joan ziren, Burillok, Ramosek eta Arbeloak sartutako golei esker. Bigarren zatia hasi eta berehala laugarrena sartu zuen Beorlegik. Baina Doneztebekoek ez zuten partida galdutzat eman eta, gutxinaka, distantzia laburtzen hasi ziren. Seinek, Retegik eta Arregik 3 eta 4 gerturatzea lortu zuten, eta partida bukatzeko minutu baten faltan launa berdindu zuen Doneztebek, lakuntzarrak zur eta lur utzita.
Bestalde, Barañaindik punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak. Lehen zatian Lagunak taldeak ezarri zuen partidaren erritmoa eta gol aukera ugari sortu zituzten. Lehen gola penaltiz sartu zuen Barañainek, eta haren atzetik beste hiru etorri ziren; horrela, atsedenaldira 4 eta 0 irabazita joan ziren etxekoak. Bigarren zatian gora egin zuen Etxarri Aranatzek eta bi taldeek lehia estuagoa izan zuten. Karasatorrek gola sartu zuen, baina handik gutxira Lagunaken bosgarren gola iritsi zen. Bost minuturen faltan Agirrek Etxarriren bigarrena sartu zuen, penaltiz, eta horrela despeditu zen partida.
Preferenteko sailkapenean Arrotxapea da liderra (10 puntu). Lagun Artea 9.a da (5 puntu) eta Etxarri Aranatz 16.a, punturik gabe. Hurrengo jardunaldian Lagun Arteak sailkapenean bigarrena den Lagunak taldea hartuko du eta Etxarri Aranatzek 15.a eta arerio zuzena den San Andres.
Altsasuk atsedena erregional mailan
Erregional mailako 4. Jardunaldian, Altsasuk atseden jardunaldia zuen. Sailkapen orokorrean Amaya da liderra (8 puntu) eta Altsasu bosgarrena da (6 puntu), partida bat gutxiagorekin. Atzeratutako partida hori, hain zuzen, ostegunean, urriaren 12an jokatuko dute Altsasuk eta San Ignaziok, 16:30ean, Dantzalekun.
Eta erregional mailako hurrengo jardunaldian, bosgarrenean, Altsasuk 8 punturekin sailkapenean bigarrena den Aurrera taldea hartuko du, Dantzalekun.