Lurraldetasuna aldarrikatzeko, Euskal Herriko Erdigunera martxa burutu zen igandean, Independentistak Sareak, Iratxo mendi taldeak eta Sakanako Mendizaleak taldeak antolatuta. Jakina denez, Euskal Herriko Erdigunea Beriain tontorretik gertu dago, Olibesarioko saroian (1.232 m. Koordenadak: X:586.936 eta Y:4.748). Felix Isasi ingeniariak kalkulatu zuen erdigunea, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta. Bertan monolito bar jarri zuten eta, hain zuzen ere, hura izan zen martxaren bilgunea, 11:30ean. Lehenago, baina, mendizaleak hiru zutabetatik atera ziren: Unanutik, 8:15ean, Senosiaindik, 8:45ean, eta Irañetako bordatik, 9:30ean.
Nafarroako Mendi Federazioko ordezkariak hartu zuen hitza. “Euskal Herriko Erdigunea ez da inolako herriren jabetza, eta, aldi berean, nafar guztiena da. Egun hau berezia da guretzat, lurraldetasun aldarrikapenari begira. Eta aurten beste herri batzuekin solidario izan nahi dugu, euren independentzia lortzeko borrokatzen eta sufritzen daudenak, Katalunia eta Kurdistan tartean. Ezin ditugu ere Altsasuko aferan atxilotutakoak eta auzipetutakoak ahaztu; herri oso bati zigortzen ari dira; atxilotutakoak hemen beharko lukete” adierazi zuen. Federaziotik nabarmendu zuten Euskal Herriko Erdiguneko mendi martxa mendizaletasunaren festa izateaz gain, Euskal Herriko lurraldetasunaren aldarrikapena dela eta festak indarra hartu eta urtero festa handiagoa izatea nahi dutela.
Ariznabarreta: “Gurea geuk egin beharko dugu: hasi gaitezen mugitzen, bereziki gazteak”
Independentistak Sareko Txutxi Ariznabarretak hartu zuen hitza segidan. Katalunia izan zuen gogoan: “gure elkartasun osoa momentu honetan eskubide zibil eta politiko guztiak urratuz, Katalunia jasotzen ari den erasoaren aurrean. Nolako tinkotasunez eta heldutasunez erantzuten ari diren Espainiako erasoaren aurrean” azaldu zuen. Prozesuan herriak izandako garrantzia nabarmendu zuen. “Herriaren eskariak eta indarrak behartuta, alderdiek euren arteko estrategia adostu behar izan dute. Konpromisoak instituzioetara eraman dira eta urrats sendoak planteatu dituzte, tartean urriaren 1eko erreferenduma. Badugu zer ikasi Kataluniatik. Erakutsi dute, Europan, XXI. mendean, independentzia posiblea dela, Espainia bezalako estatu antidemokratiko batean baita ere. Eta gure aportazioa litzateke Euskal Herrian halako prozesu soberanista, demokratiko, partehartzaile eta herritar bat jartzea” ondorioztatu zuen. Bereziki gazteei egin zien deialdia: “zuen eta ondorengo belaunaldien etorkizuna jokoan dago. Euskal herritarrak zoriontsu bizitzeko aukera izan behar dugu, justizia sozialean oinarrituta. Zer falta da horretarako? Ilusioa piztea, antolatzea eta herri hau martxan jartzea” azpimarratu zuen. Halaber, Espainia eskema zaharrekin erantzuten ari dela gogoratu zuen, baina Katalunia eskema berrietan dagoela. “Zenbat eta egur gehiago jaso, indar gehiago hartuko du Kataluniak. Eta honetatik guztitik ikasi behar dugu, baina gurea geuk egin beharko dugu. Kataluniari begira hain ilusionatuta gaudenean, hain epel geure herrian? Zergatik? Hasi gaitezen mugitzen, bereziki gazteak. Zuen etorkizuna dago jokoan. Animo eta aurrera. Gora euskal errepublika independentea!” hitzekin despeditu zen ekitaldia.
Ondoren, martxako parte-hartzaileak Irañetako bordan bildu ziren auzate ederrean. Makina bat mendizalek ere bikain pasatu zuten herri bazkarian eta hurrengo urteko hitzordua jarri zuten.