Ostiral gauean hasi eta larunbatean despeditu zen Basque Ultra Trail Series (BUTS) 2017ko laugarren eta azken etapa, Donostian hasi eta Bilbon despeditu zena, bertan parte hartu zuten mendi korrikalariek 140 km, 8.000 metroko desnibel positiboa eta 16 mendi tontor zapatu eta gero.
117 mendi korrikalarik lortu zuten proba gogorra despeditzea eta irabazlea Jon Erdaide izan zen (18:53:32), sekulako lana eginda. Patxi Rubio 23.a sartu zen, ia 22 ordu t´erdiko lan gogorra burututa (22:28:52). Emakumezkoetan, Leire Martinezek irabazi zuen (21:50:43).
Jakina denez, Trail 52 Sport Mendi Kluba taldeak antolatutako Basque Ultra Trail Series probak Euskal Herriko hegoaldeko lau hiriburuak lotu ditu lau etapa ikusgarrietan: Bilbo-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea (Lautadatik Sakanara sartu eta Beriaindik Ollora pasa ziren), Iruñea-Donostia (Arakildik eta Irurtzundik pasa ziren) eta, azkena, luze eta gogorrena, Donostia eta Bilbo artean. Lau probak kontuan hartuta Carlos Garcia eta Silvia Trigueros izan dira txapeldun handiak.
Bestalde, Dantzaleku Sakana Klubeko mendi sekzioko kideek antolakuntzan lagundu dute. Bigarren, hirugarren eta laugarren etapetan itxiera lanak egin dituzte. Asteburukoan, etapako azken zatiko itxiera lana egin zuten Igorre eta Bilbo bitartean, balizak kentzen, zintak biltzen, guztia txukun uzten eta atzean geratu ziren korrikalariei laguntza ematen.
Gorbeia Suzien
Larunbatean, Zeanurin, Gorbeia Suzien mendi lasterketa ikusgarria jokatu zen, bi distantziatan. Gorbeia Suzien Ternua proban (31 km), 464 korrikalari iritsi ziren helmugara, Aritz Egea urretxuarra (3:02:55) eta Ingrid Mutter (3:37:47) buru zirela. Joxeja Maiza etxarriarra 119.a sailkatu zen (4:08:47) eta Aitor Salinas etxarriarra 340.a (5:18:48).
Bestalde, Gorbeia Suzien Herrikoian (22 km) Igor Olalde (2:06:24) eta Martina Kantor (2:30:03) izan ziren azkarrenak. Leire Razkin altsasuarra 187.a sailkatu zen (5:55:00).