Alegre-Illarregi bikotea Bertsokabi sariketako finalera

Guaixe 2017ko urr. 12a, 09:18
Ekain Alegre Iruñean bertsotan atzo. Argazkiak: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Iruñean jokatutako saioan Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzurekin berdindu ondoren, lortu zuten aurrera egitea.

Nafarroako 16 eta 30 urte arteko bertsolarien treba-gune izan nahi duen Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa joan den ostegunean hasi zen Iruñean. Parte hartzen ari diren bi altsasuarrak, Ekain Alegre, Joanes Illarregirekin bikotea osatuz, eta Idoia Granizo, Mikel Lasarterekin, atzo parte hartu zuten. Herriko tabernan jokatutako kanporaketan lan puntuagarri guztien ondoren Alegre-Ilarregi eta Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu bikoteen arteko berdinketa izan zen eta bikoteek erdibana osatutako habanerak aurrenekoei eman zien finalerako sailkapena.

Hiru bertsolari bikoteak 70 pertsonen aurrean aritu ziren, haietako bost izan ziren epaileak. Bikoteka banatu zituzten saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu zituzten Lasartek, Gorostarzuk eta Illarregik, erritmo ederrean. Bertso proben tartean bikotekako lana jarri zuten balioan: tabu jokoan, gorringoa hitza asmatu zuen Idoia Granizok, Mikel Lasarte kideak arrauntza, zuringoa, postrea eta tortilla hitzak erabili gabe pistak ematen zizkion bitartean. ‘Bat, bi, hiru’ jolasean, gustura oinarekin hasita puntuka aritu ziren Sanjurjo eta  Gorostarzu, hiru bat minutuz, poto egin arte. Ezkutuko pertsonaia (Shrek) asmatzeko ahaleginetan aritu zen, bestalde, Ekain Alegre, Joanes Illarregi kidearekin galde-erantzunean.


Idoia Granizo bertsotan.

Proben ostean iritsi zen bakarkako ariketa, Sanjurjok, Alegrek eta Granizok bete zutena, eta horren ondoren, saioa despeditzeko, koplaka aritu ziren hiru bikoteak, egoera emanda. Epaileak berdinketa eman ondoren aipatutako azken proba jokatu zen.

Etxarriarrak zain
Azken kanporaketan Saats Karasatorre eta Unai Artieda etxarriarrak Amaia Elizagoien-Xabat Illarregi eta Saioa Alkaiza-Aitor Irastortza bikoteekin ariko dira, lastailaren 20an, ostiralean, 20:30ean, Barañaingo gaztetxean. Hiru kanporaketetako irabazleek lastailaren 26an, 19:30ean, Iruñeko Arrano elkartean jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz aparte, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.