Moto Rutas taldeak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Ostalaritza Elkarteak, hainbat babesleren laguntzarekin antolatuta, bihar, larunbatean ospatuko da 2017ko Navarider Day motorzale nafarren festa erraldoia. 777 motorzale daude izena emanda, %40 nafarrak eta %60 beste tokietatik etorriak, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Kataluniatik bereziki. Jakina, motorzale sakandarrek ez dute huts egingo. Iruñetik aterata, Nafarroan barna 515 kilometroko ibilbidea osatzea da erronka, arratsalde-gau partean Iruñeko Zentral aretoan ospatuko den festa batean eguna behar bezala despeditzeko.
Navarider Day festan parte hartuko duten 777 motorzaleak goizeko 7:00etan abiatuko dira, taldeka, Iruñetik. Nafarroako txoko eta errepideetan barna 515 km egitea dute erronka. Bakoitzak bere ibilbide propioa egin ahal du, baina antolakuntzak zehaztutako 4 kontrol gunetatik pasa beharko dira: Lakuntza, Biana, Xabier eta Izaba. Kontrol gune bakoitzean pintxoa eta alkoholik gabeko edaria dastatzeko aukera izango dute. Hortaz, Sakanatik barna makina bat motorzale pasatzen ikusiko dugu bihar eta Lakuntzan motor hotsak izanen dira nagusi.
Behin Iruñera iritsita, bukaeran, Iruñeko Zentral aretoan Navarider Day festa izanen dute zain motorzaleek. Tartean, La banda del jefe Bigun talde sakandarrak kontzertua eskainiko du, 22:00etan.