Sakana Motorsport eskuderiak, Nafarroako Automobilismo Federazioarekin batera, XXXVII. Urbasa Igoera antolatu du biharko, urriaren 14rako. Lasterketa Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Nafarroako Junior Mailako Mendi Txapelketarako baliagarria da, baina, berez, Urbasako Igoerak xarma berezia du eta horregatik puntako pilotuak bertan egongo dira. Horri guztiari primerako eguraldia egingo duela gaineratzen badiogu, milaka zale bilduko dira Urbasako bihurgune eta maldetan eta motorraren festa inoiz baino zirraragarriagoa izango da.
105 pilotu, tartean 6 sakandar
Izan ere ehundik gora pilotuk eman dute izena bihar Urbasako maldetan gora ziztu bizian pasatzeko. 105 pilotu dira, aurreko urtean baino 11 gehiago, Urbasako igoerak duen xarmaren isla. Faboritoen artean Pantxo Egozkue, Joseba Iraola, Arkaitz Ordoki, Garikoitz Flores lakuntzarra, Juan Antonio Castillo eta beste daude. Beraienak dira probako autorik azkarrenak, barketak eta formulak. Horretaz gain, beste kategorietako pilotorik lehiakorrenak ere Urbasan ikusiko ditugu. Eta sakandarrei dagokienez, Garikoitz Flores BRC B49), Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo), Garikoitz Goñi (Renault Clio Sport), Urko Berdud (Renault Clio Sport), Mikel Goya (Renault 5 GT Turbo) eta Mikel Mendinueta (Peugeot 205 Gti) izanen dira Urbasako proba osatuko dutenak, guztiak Sakana Motorsport eskuderiakoak. Urbasako igoerak erakartzen duela ez dago zalantzarik.
Aurreko urtean 94 pilotuk eman zuten izena Urbasako Igoeran eta Joseba Iraola (Demoncar R34+) gailendu zen (3:13.821), Javier Villari (BRC B-49) segundo bat aterata. Garikoitz Flores lakuntzarra (BRC B-49) hirugarrena sailkatu zen (3:19.076).
Gaur itxiko dute errepidea
Antolakuntzatik adierazi digutenez, gaur, ostiralean, gaueko 22:00etan itxiko dute Olaztitik Urbasara doan errepidea. Eguraldi ona egingo duenez, jende asko bezperatik igoko da Urbasara, eta antolakuntzak zehaztutako eramuetan aparkatzea eta Urbasa-Andia natur parkea behar bezala zaintzeko eskatu dute antolatzaileek. Bestela, bihar Urbasara igo nahi dutenek, Lizarraldetik edo Araba aldetik sartu beharko dira. Ibilbidean barna antolakuntzako kideak izango dira, argibide guztiak emateko.
5,72 kilometroko igoera
Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatuko da proba, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura. Hau da, 5,72 km eta 285 metroko desnibela izanen ditu, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Ibilbideak bi zati dauzka. Lehenengo zatia irteeratik hasi eta "Salto de aguas" izenez ezagutzen den tokira artekoa da. Zati oso azkarra da, eta, akaso, ibilbideko bihurgunerik okerrena lehen zati horretan dago. Bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da. Bihurgunez betetako zatia da, gehienak ferra bihurguneak edo 180 gradukoak. Beraz, autoek abiadura moteldu beharko dute. Igoera auto indartsuendako egokia da. Izan ere, zati azkar asko daudenez, motor indartsua behar da.
Segurtasuna, funtsezkoa
Pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da antolakuntzaren helburu nagusia eta horregatik, soilik zehaztutako guneetan kokatzeko eskaria eginen zaie Urbasara hurbilduko diren zaleei; debekatutako eremuetan ezingo da egon. Gogoratu beharra dago aurreko urtean harritzar bat erori zela eta bi pertsona zauritu egin zirela. Antolakuntzak bertan ez jartzeko kartela jarria zuen, baina ez zen errespetatu. Horregatik, soilik baimendutako eremuetan jartzeko deialdia berretsi egin dute Sakana Motorsportekoek.
Horretaz aparte, Urbasa-Andia natur parkea dela kontuan hartuta eta inguruarekiko errespetua adieraziz, antolakuntzak norberak bere zaborra jasotzea eskatzen du. Zaila da tamaina horretako ekitaldi bat antolatzea: baimenak lortu, segurtasuna lotu, dirua bildu… Aurrekontu handia behar da proba aurrera ateratzeko, aseguruak eta beste estaltzeko. Hori ongi dakite Sakana Motorsport taldekoek. Antolakuntzan Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen eta hamaika komertzio eta babesleren laguntza izan dute.
13:30ean hasiko dira entrenamenduak
Bihar, goizeko 8:00etatik aurrera proban parte hartuko duten autoen egiaztapenak hasiko dira, Clinker jatetxe parean, 12:00ak arte luzatuko direnak. Autoak Clinker aurreko futbitoko pistan egongo dira, parke itxian, eta asistentzia gunea Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da. 13:30ean lehen entrenamenduari ekingo diote autoek eta, segidan, probako bi manga ofizialak jokatuko dira. Bukaeran, 20:00ak aldera izango da sari ematea, Clinker parean.
Autoen ikuskizunarekin gozatzeko eta egun polit bat pasatzeko deia egin diete Sakana Motorsportekoek zaletu guztiei. 105 pilotu, auto ikusgarriak, milaka zale, eguraldi bikaina… motorraren festa inoiz baino handiagoa izatea, hori da helburua.
Sariak
Scratch Sariak: txapeldunak trofeoa eta 200 euro, bigarrenak trofeoa eta 150 euro eta hirugarrenak trofeoa eta 100 euro.
Scratch turismoak: txapeldunak trofeoa eta 200 euro, bigarrenak trofeoa eta 150 euro eta hirugarrenak trofeoa eta 100 euro.
Kategoriako sariak: lehenek trofeoa eta 100 euro. Pilotu junior nafar onena: trofeoa eta 100 euro.
Sakana Motorsport pilotuen sariak: lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak trofeoa.