Bikin bat in lelopean ospatu zen Nafarroa Oinez Lesakan atzo. Lesakako Tantirumairu ikastolak beste eraikin bat jasotzeko dirua bildu nahi zuen atzoko ospakizunarekin. Horretarako 3,5 km-ko zirkuituan 4 gune prestatu zituen eta haietan egitarau zabala garatu zen. Eguerdian egindako ekitaldian Tantirumairu ikastolako ordezkariek Iñigo Aritza ikastolakoei eman zieten lekukoa. Burundako ikastolak 2018ko Nafarroa Oineza antolatuko du. Lekukoa ikastolako lehendakari Eneida Carreñok eta zuzendari Ibai Iriartek jaso zuten.
Nafarroa Garaiko ikastolen festa antolatzen duen laugarren aldia izanen da heldu den urtekoa. Aurreneko Nafarroa Oinez Urdiaingo eta Altsasuko San Pedro zelain eta Altsasuko Usolarrain inguruan antolatu zuten Etxarri Aranazko eta Altsasuko ikastolek. Euskarazko hezkuntza alegala zen orduan eta legeztatzea eskatu zuten. 1981Eko ekainaren 21ean 30.000 pertsona inguru elkartu ziren aurreneko ospakizun hartan. Dirua eraikitako ikastolako gastuak pagatzeko izan zen.
Ikastolen festa antolatu zuten bigarren aldia 1993 lastailaren 24an izan zen. Har hitza leloa izan zuen eta irudia, berriz, haritz adaxka gainean zegoen txoria. Aurreikusitako markak hautsi eta 100.000 pertsonatik gora elkartu ziren Altsasun barna egindako ibilbidean. Ordutik parte hartzea antzeko kopuruetan ibili da. Hirugarren aldia 2005eko lastailaren 16an ospatu zen Nafarroa Oinez Burundan, Olatzagutia eta Ziordia artean prestatutako zirkuituan. Oinknez leloa izan zuen eta basurde euskaltzale bat izan zen irudia. Aipatutakoez aparte, Nafarroa Oinez beste hiruetan ospatu da Sakanan, Andra Mari ikastolak antolatuta: 1989an, 1996an eta 2006an.
Erronka
Nafarroako ikastoletako ikasleen arteko proba jokatu zen Nafarroa Oinezaren barruan. Gero eta ikusle gehiago biltzen dituen probak Zangozako ikastolak irabazi zuen. Taldeek aurretik euren berri emateko bideo bana prestatu behar dute eta lehiaketa hori Iñigo Aritza ikastolako ikasleek eskuratu zuten. Rural Kutxak sustatutako lehiaketa horretako 600 euro eskuratu zituzten.