Alusti Testak aitortzak jasotzen segitzen du

Guaixe 2017ko urr. 12a, 19:49
Josu Alustiza Gaztela Leongo Geriatria kongresuko saria jasotzen. Argazkia: Josefina Arregi klinika.

Josefina Arregi klinika psiko-geriatrikoan garatutako testak Gaztela-Leongo Geriatria eta Gerontologia Elkartearen Kongresuan komunikazio onenaren saria eskuratu du. Heldu den urtean balioztatu egin nahiko lukete.

Alusti Testa izena du Josefina  Arregi klinika psiko-geriatrikoko fisioterapeuta Josu Alustiza Navarro eta Juan Jose Calvo Agirre geriatra garatzen ari diren lana. Otsaileko azken asteburuan Psikogeriatriako Espainiako Sozietatearen 23. nazio kongresuan poster onenaren saria jaso zuten. Gaztela-Leongo geriatria eta gerontologia elkartearen XXXII. kongresuan komunikazio onenaren lehen saria jaso zuen Alustizaren eta Calvoren lanak Valladoliden larunbatean. Bospasei mediku geriatra entzutetsuz osatutako zientzia batzordeak aurkeztutako lan guztiak aztertu ondoren saritu zuen Alusti Testa.

Altsasuko klinikan garatzen ari diren testa pertsonen gaitasun fisiko eta funtzionala baloratzeko balio duen eskala bat da. Orain arte adineko pertsonen gaitasunak neurtzen zituen halako eskalarik ez zegoen eta Alustizaren eta Calvoren lanak hutsune hori betetzen du. Alusti Testak adinekoen balorazio funtzionala eta jarraipena egiten laguntzen du, orain arte erabili diren bestelako eskala klasikoen aldean behe eta goi efektua saihestuz.

Premia
Alustiza fisioterapeutaren kezka pertsonal batetik sortu zen testa. 20 urte daramatza Josefina Arregi klinika psiko-geriatrikoan jendearekin lanean. Jendearen gaitasun fisikoak hobera egiten zuela ohartzen zen, baina nolabait jaso beharra sumatzen zuen, klinikatik kanpo azaldu ahal izateko.

Horretan ez zioten existitzen ziren eskalak laguntzen eta berea sortzea erabaki zuen. Hala, gimnasio lanarekin pertsonek duten hobekuntza nonbait jasoa gelditzen da eta informazio horrek senideei edo lankideei gaixoaren garapenaren berri emateko balio du. Izan ere, Alusti Testaren bidez ikusi daiteke pertsona baten egoera zein den, zenbat hobetu duen, zein gabezia dituen.

Alustizak bere testa balioztatzeko eskarmentu eta itzal handia duen Jose Calvo Agirre geriatrarengana jo zuen. Hura Donostiako Zorroaga zaharren egoitzan lan egiten du. Harekin elkarlanean ekin dio egiteko horri. Dagoeneko testaren copyrighta egina dute biek. Testa balioztatzeko azken pausoak ematen ari direla jakinarazi digu Alustizak.

Balioztatzea
Euren helburua da estatuko zientzia aldizkari batean testaren berri ematen duen artikulua 2018an argitaratzea. Han euren lana garatzeko egindako ikerketen eta bestelakoen berri emanen dute. 500 pertsona baino gehiagoren datuak jasoak badituzte eta lanean segitzen badute ere, 363ren datuetan oinarrituta hasi dira artikulua idazten.

Behin artikulua idatzita test baliagarria dela erabaki beharko da. Horretarako, jendeak erabili beharko du. Eta, dagoeneko, hainbat tokitan erabiltzen hasiak dira, egokia dela jo dutelako.

Alusti Testa horietara kongresuetan izandako zuzeneko harremanen ondorioz iritsi dira.    Halakoetan jende askorekin hitz egiteko aukera izaten dutelako. Edo, bestela, Alustiza bera azalpenak emanda. Hala egin zuen joan den ostegunean, Otsagabiako osasun etxean. Zaraitzuko adinduen osasun egoeraren berri jaso nahi dute hango osasun profesionalek eta Josefina Arregiko fisioterapeutaren lanaren berri zutenez, hara deitu zuten. Alustizak bere lanaren inguruko azalpena eman eta gero hiru pertsonarekin probatu zuen, haien aurrean. Osasun langileek testa azkar pasatu eta informazio handia ematen duela baloratu zuten.

Interesa azaldu duten besteak botika laborategiak dira. Horiek euren produktuen baliagarritasuna frogatzeko aukera bat ikusi dute Alusti Testean. Hala ere, 2018an kongresu gehiagotan euren lanaren berri ematen segitzeko asmoa dutela aurreratu digu bikoteak.

Aurten aipatutako bi kongresuez aparte, Hego Euskal Herriko geriatria kongresuan izan ziren, Gasteizen, maiatzean. Han, tailer baten bidez, egindako lanaren nondik norako guztiak azaldu zituzten. Garagarrilean, bestetik, Geriatriako nazio elkartearen kongresuan ere izan ziren Alusti Testa aurkezten.