Kolon minbiziari aurre egiteko kanpaina gurean

Guaixe 2017ko urr. 13a, 08:36
Jendea Irurtzungo osasun etxean.

Osasunbidearen kolon eta ondesteko minbizia garaiz detektatzeko programak 50 eta 69 urte arteko 6.398 sakandarri programan parte hartzeko gonbidapena bidaltzen hasi zitzaizkien iraila akaberan eta hala segituko dute azaroan sartu arte.

Minbizi hori heste lodian edo ondestean agertzen den tumore gaiztoa da, polipo izeneko lesio batetik. Koloneko minbiziak ez ditu sintomak izaten hasierako faseetan, baina kakan odola egotea, heste-ohituretan aldaketak egotea eta arrazoi ezagunik gabe pisua galtzea susmoak izateko sintomak dira.

Herrialde garatuetan osasun arazo larrienetako bat da kolon eta ondesteko minbizia, eragin eta heriotza-tasa handia duelako. Nafarroan sarrien diagnostikatutako tumorea da, minbiziagatik emakumezkoetan heriotza gehien sortzen duen lehen arrazoia izanik eta bigarrena, gizonezkoetan. Haren tratamendu eta sendatzea errazagoa da garaiz detektatzen bada, eta goiz diagnostikatzen denean, % 90 sendatzen da. Aldiz, aurreratutako faseetan diagnostikatzen bada, biziraupena % 50era murrizten da.

Gaitza garaiz detektatzearen garrantziaz jabetuta, Osasunbideak programa martxan jarri zuen eta osasun arduradunek dioten moduan, "test bat aski izan daieke zure bizia salbatzeko". Minbizia garaiz aurkituta tratamenduak ere ez dira hain gogorrak eta bizi kalitatea majo hobetzen da. Horregatik, hainbat erakundek prebentzio programak indarrean jartzea aholkatu dute. 


Nafarroan
Osasunbideak 2013ko azaroan jarri zuen martxan programa, tumore horren eragina eta heriotze-tasa txikitzeko asmoz. Ordutik, urtetik urtera, osasun eskualdeak batzen joan dira, Sakanakoak azkenak izanik. 50 eta 69 urte arteko nafar guztiei zuzendutako kanpaina da, Osasunbideaz aparteko bestelako osasun aseguru bat edo mediku partikularra izanda ere pertsona horiendako ez du inolako kosturik izanen. Badira faktore genetikoak dituztelako edo arrisku handia dutelako berez kontrol programa berezietan daudenak.

Osasunbideak 6.398 sakandarrei programan parte hartzeko gonbidapena bidaliko die, Sakanako populazioaren % 31,58ri hain zuzen ere. Gonbidapena 3.423 gizonezkok (% 53,5) eta 2.975 emakumezkok (% 46,49) jasoko dute.

Irailaren 27an hasi ziren programan parte hartzeko gonbidapenak bidaltzen Etxarri Aranazko osasun eskualdeko 1.700 pertsonari eta hala egin dute asteazkenera arte (898 gizonezko eta 802 emakumezko). Altsasuko osasun eskualdeetako 2.640 pertsonek (1.384 gizonezko eta 1.256 emakumezko)  lastailaren 18aren eta azaroaren 8aren artean jasoko dute gonbidapena
Eta, azkenik, lastailaren 31 eta azaroaren 15aren artean Irurtzungo osasun eskualdeko 2.058 pertsonek etxean jaso dute programan parte hartzeko gonbidapena (1.141 gizonezko eta 917 emakumezko). Sakandarren erantzunaren arabera programa martxora arte egonen da.

Probaren nondik norakoak
Lehenik, 50 eta 69 urte arteko pertsonek etxean minbiziaren detekziorako programan parte hartzeko gonbidapenak jasoko dituzte. Inolako sintomarik izan gabe ere programan parte hartzea komenigarria dela diote osasun arduradunek. Aipatutako epean gonbidapenik jaso ez dutenek bi aukera dituzte: 848 423 498 telefonora hots egin edo precolon@navarra.es e-postara idatzi.

Gonbidapenarekin batera programaren barruan dauden pertsonek etxean euren izen-abizenak eta bestelako datuak dituen kit etiketatu bat, pote txiki bat, jasoko dute. Euren egitekoa hartan beraien kaka jasotzea eta hozkailuan egoki kontserbatzea da. Hori nola egin azaltzen duen argibide orria ere jasoko dute. Kit horiek osasun etxean edo kontsultategian eman beharko dira, gonbidapenean jarritako egun eta orduetan. 


Emaitzak, azkar
Laborategietako teknikariek jasotako kaka zatietan odola dagoen aztertuko dute, tumorea edo arrisku patologiarik dagoen ikusteko. Emaitzak 2 edo 4 egunen arteko epean izaten dira, gehienez 15 egunetan. Negatiboa bada, Osasunbideak gutun bidez emanen dio horren berri. Baina gogoraraziz proba bi urtean behin egitea komenigarria dela.

Emaitza positiboa bada, hau da, kaketan odola antzeman badute, telefonoz hots eginen diote eta bere medikuarekin hitzordua jarriko diote, diagnosia konfirmatzeko proba egiteko. Sendagileak aurretik duen prozesu guztiaren berri emanen dio, baita probarako ezinbestekoak diren prestakinak eta aurreko egunetan izan beharreko dietaren berri ere. Kolonoskopia eginen baitiote. Hura egin aurretik ere informazioa emanen diote programaren barruan dagoen pertsonari. Haren emaitza gutun bidez jasoko du. Gutunean bere kasuaren jarraipenerako jarraibideak ere zehaztuko dira.

Osasunbideakoa ez den beste osasun-aseguruetakoak direnei kirurgiarik edo bestelako probarik egin behar badiete, haien aseguru-konpainiaren bidez eskatu behar dute.

Euren kaka laginak hilabete baten edo biren buruan eman ez duten pertsonei Osasunbideak proba egitea komenigarria dela gogoraraziko die. Beste osasun eskualdeetako eskarmentua izanik, osasun arduradunek aurreratu dute 1.500 laginetatik 100 bat kasu positibo izanen direla eta ondorioz kolonoskopia egin beharko dela. Haren bidez 8 bat tumore gaizto eta arrisku handiko polipoak dituzten 30 bat pertsona opatzea aurreikusten dute. Azken horiei polipoak kenduko dizkiete, tumore inbaditzaile ez bihurtzeko.

Prebentzioa
Nafarroako Minbizia Erregistroko datuen arabera 2008 eta 2009 urteetan Nafarroan kolon eta ondesteko 978 minbizia kasu izan ziren, tumore guztien % 15,60. Sexuaren arabera, bigarren postuan dago gizonezkoetan (603 kasu) eta emakumezkoetan (375). 2008-2012 epean, arrazoi hori dela eta Nafarroan 232 gizon hil ziren batez beste (minbiziagatik hildako kopuruaren % 13,11) eta 86 emakume (guztiaren % 14,90); gizonezkoen bigarren postuan dago, eta emakumezkoetan, lehenengoan.

Osasun kontseilari Fernando Dominguezek minbizia mota hori prebenitzeko bizitza-estilo osasungarriak izatea garrantzitsua dela gaztigatu du. Horren barnean sartzen da elikadura egokia (haragi gorria, prozesatuak neurrian jatea, suaren gainean zuzenean asko egindako edo ongi egindakoak neurrian jatea; zuntz askoko eta koipe gutxiko elikagaiak jatea, esnea eta esnekien kontsumoa sustatzea, elikagaietan dauden kaltzioa eta D bitamina behar bezala hartzea); ariketa fisikoa egitea (egunean ordu erdiz ibiltzea gutxienez intentsitate ertainean), sedentarismoa eta obesitatea saihesteko; eta alkohola eta tabakoa ez kontsumitzea, besteak beste.

50 eta 69 urte artean ez dutenendako gomendatzekoa da medikura jotzea baldin eta lehen mailako ahaideen artean beste inork izan badu gaixotasuna, edo koloneko edo ondesteko gaixotasunen bat izanez gero. Hala ere, noiz edo noiz anomaliaren bat igartzen duenak, albait azkarren kontsultatu diezaiola medikuari.

Informazio gehiagorako hemen sakatu.