Gure Esku Dagok Kataluniako espetxeratzeak salatzeko kontzentrazioak deitu ditu

Guaixe 2017ko urr. 17a, 12:17

Gaur, 19:00etan, herrietako plazetara deitu du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak, Junts lelopean.

Jordi Sanchez (Omnium Cultural) eta Jordi Cuixarten (Biltzar Nazional Katalana) espetxeratu zituzten atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epailearen aginduz. Horren aurrean  Gure Esku Dagotik (GED) adierazi dute “herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik kartzelara eraman dituzte, baldintzarik gabe”.

GEDeko ordezkariek azaldu dutenez, “ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez”. Espetxeratzeekin “urrutiegi iritsi” dela deritzote: “herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino. Eta orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil”. GEDek horren larritasunaz gaztigatu du: “demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe”.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduko ordezkarien iritziz, “XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu diote katalanek eta erakutsi dute herritarren gehiengoaren borondatea beste mugarik ez duela etorkizun justuago batek. Era baketsu eta zibikoan egin dute, irribarre batekin ahoan”. Horregatik, “bi Jordiek lan infinitua aitortzeko, babesa emateko, eta bidegabekeria salatzeko, kalera aterako gara gaur. Ezin gara albora begira geratu”. Herriko plazetara 19:00etan ateratzeko deialdia egin dute GEDetik.