Asteburuan Limone Extreme Skyrace mendi lasterketa ezaguna jokatu da Italian, 29 km eta 2.540 metroko desnibela duen proba ikusgarria, Munduko Koparako baliagarria, hain zuzen ere ISFko Skyrunning Mundu Kopako baliagarria zen azken proba. Horregatik, mundu mailako korrikalaririk onenak lehiatu ziren, Egea, De Gasperi, Gil, Bonnet, Nikolov, Cardona, Kupricka, Maiora, Gerardi, Debats, Avilés eta beste.
Guztira 474 korrikalarik lortu zuten Limone Extreme Skyrace despeditzea. Marco Degasperi izan zen txapeldun handia (3:07:32), Jan Margarit korrikalariari 26 segundo aterata (3:07:58). Euskaldunei dagokienez, Euskal Selekzioko Ander Inarra 12.a (3:24:32) eta Aritz Egea 15.a (3:28:09) sailkatu ziren. Bestalde, Goierri Garaia taldearekin lehiatu zen Beñat Katarain Razkin. Lakuntzarra 30.a iritsi zen helmugara (3:38:28). “Probako 15. Kilometroan adar batekin estrapuz egin eta probako bigarren tarte guztia hankako minarekin egin behar izan nuen. Hortaz, hobe aritu beharrekoa nintzen, baina pozik nago emaitzarekin eta, batez ere, bizipenekin” adierazi digu korrikalari lakuntzarrak.
Hurrengo larunbatean Leire Trailean (21 km, 1.400 metroko desnibel +) ariko da Katarain, eta horrekin bukaera emango dio aurtengo denboraldiari.
Iñaki Gonzalez, BUTS osatu duen sakandar bakarra
Urriaren 6tik 7ra bitartean Basque Ultra Trail Series (BUTS) 2017ko laugarren eta azken etapa jokatu zen, Donostian hasi eta Bilbon despeditu zena (140 km, 8.000 metroko desnibel +). 117 mendi korrikalarik despeditu zuten proba, Jon Erdaide buru zela (18:53:32). Aurreko astean aipatu genuenez, Patxi Rubio irurtzundarra 23.a sartu zen (22:28:52). Bada, jakin izan dugunez, Iñaki Gonzalez sakandarrak ere lasterketa osatzea lortu zuen. Dantzaleku Sakana taldekoa 62.a sailkatu zen (28:08:59). Hain zuzen ere Iñaki Gonzalez izan da Basque Ultra Trail Series zirkuituko lau etapak –Bilbo-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea, Iruñea-Donostia eta Donostia-Bilbo– osatu dituen sakandar bakarra.
Patxi Rodriguezek ere irteera hartu zuen BUTS-eko azken etapan, baina ia bukaeran, Landaderreako kontrola gainditu eta gero (21:23:49), 21 ordu luze korrika ibili eta gero, proba utzi behar izan zuen. BUTSeko aurreko hiru etapak eginak zituen Rodriguezek, baina, tamalez, azkena ezin izan zuen borobildu.