Sakandarrak 37. Urbasako Igoeran
1.Joseba Iraola (Norma NAC M20): 3:09.820
3.Garikoitz Flores (BRC B49): 3:20.426
24.Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo): 3:53.687
25. Garikoitz Goñi (Renault Clio Sport): 3:57.485
39. Mikel Mendinueta (Peugeot 205 Gti): 4:07.475
47. Urko Berdud (Renault Clio Sport): 4:13.965
Primerako eguraldiarekin eta milaka zalek sortutako giro apartarekin jokatu zen Sakana Motorsport eskuderiak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak larunbatean Olaztin antolatutako 37. Urbasako Igoera. Proba Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Nafarroako Junior Mailako Mendi Txapelketarako baliagarria zen, baina Urbasak badu zehozer, pilotuak gustura etortzen dira, eta, horren isla, 105 pilotu zeuden izena emanda. Joseba Iraolak eta Pantxo Egozkuek lehia oso estua izan zuten eta, azkenean, Iraola gailendu zen. Sakana Motorsport taldeko Garikoitz Flores lakuntzarra hirugarrena sailkatu zen, zale sakandarren gozamenerako.
Bezperatik itxita zegoen Olazti eta Urbasa lotzen zituen errepidea. Askok bezperatik jo zuten Urbasara, gaua bertan pasa eta goiz goizetik Urbasako malda eta bihurgunetan toki aproposa hartzeko. Goizeko 8:00etatik aurrera mugimendua egon zen Olaztin, Clinker pareko areto futbol pistan autoek eta pilotuek egiaztapen tekniko eta administratiboak pasa behar izan zituztelako. Ondoren, asistentzia gunera jo zuten autoek, igoerarako behar bezala prestatzeko. Auto ikusgarriak zeuden, aurreko urteetan baino hobeagoak, akaso. Bitartean, mekaniko eta teknikariek guztia behar bezala prestatzeko lanean zebiltzan. Lehorreko gurpilak erabili beharko zituztela, hori behintzat argi zuten, eguzkiak dir-dir egiten baitzuen.
Iraolaren eta Egozkueren lehia estua
Ordu bata t´erditan hasi ziren entrenamenduak, baina berehala eten egin behar izan zen proba, auto bati karterra apurtu eta olioa barratu baitzen errepidean. Hura ongi garbitu eta berriro ere ekint zitzaion lanari. Eta segidan, probako bi mangak jokatu ziren, bata bestearen atzetik. Zaleek puntako ikuskizunaz gozatu zuten, pilotuek euren onena eman baitzuten. Joseba Iraolak (NAC M20, Norma) eta Pantxo Egozkuek (Osella PA 30) lehia oso estua izan zuten lehen mangan, baina bigarren igoeran bizkaitarrak bere autoa ederki estutu zuen eta denbora onena egin zuen, Urbasako igoerak dituen 5,72 km-ak 3 minutu eta 9 segundotan eginez (3:09.820). Balmasedakoak 3 segundo atera zizkion Egozkueri (3:12.586). Podiuma Garikoitz Flores lakuntzarrak osatu zuen (BRC B49). Hirugarrena sailkatu zen Sakana Motorsporteko gidaria, 11 segundora (3:20.426).
Sakandarrak euren mailatan bikain
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra 24.a sailkatu zen eta bere mailan, Formula Librean, hirugarrena izan zen. Etxeberriko Garikoitz Goñi 25.a sartu zen etabere mailan, A2 mailan, lehena sailkatu zen. Mikel Mendinueta 39.a sartu zen proba orokorrean, R mailan hirugarrena, eta Urbasan estreinatzen zen Urko Berdud altsasuarra 47.a sailkatu zen, N mailan bigarrena. Bestalde, aipatzekoa da 38 auto erretiratu egin zirela, Mikel Goya olaztiarra tartean (Renault 5 GT Turbo).
Zaleen eta pilotuen segurtasuna bermatzea eta Urbasa garbi-garbi mantentzea izan zen Sakana Motorsport talde antolatzailearen buruhausterik handiena, sustuak ekiditeko. Zaleek kasu egin zuten eta zehaztutako eremuetatik jarraitu zuten proba. Lan handia egin zuten sakandarrek, halako tamainako proba bat antolatzea ez baita makala: aseguruak eta baimenak lotu, segurtasun eremuak zehaztu, proba aurrera atera ahal izateko dirua bildu, lasterketa egunean bidegurutzeak eta segurtasun eremuak zaindu, diru ekarpenak jaso, epaileak eta beste lagundu, bukatzerakoan guztia garbi-garbi utzi… Beste behin, arrakastatsua izan zen Sakanako motor festa.