Preferente mailako 5. jardunaldian Lagun Arteak egun liderra den Barañaingo Lagunak taldea hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin. Lagunak taldea zen faboritoa, baina lakuntzarrek dominatu zuten jokoa eta etxekoak izan ziren gol aukera argienak izan zituztenak. Hala ere, Lagunak taldeko Migel Diazek sartu zuen lehen gola, atsedenaldia iristear zela. Bigarren zatian, Lagun Arteako Daniel Ramosek berdintzea lortu zuen. Handik gutxira, Ramosek bigarren txartel horia ikusi zuen eta arbitroak aldageletara bidali zuen. Jokalari bat gutxiagorekin, Lagun Arteak banakako berdinketari eutsi zion, baina partida horrela bukatuko zela zirudienean, Barañaingo taldeko Iriartek garaipenaren gola sartu zuen 87. minutuan eta lakuntzarrak puntu gabe geratu ziren.
Bestalde, Etxarri Aranazko San Donato zelaian bildu ziren zaleak pozik geratu ziren larunbatean, San Andres taldeari 3 eta 0 irabazi eta gero, Etxarrik denboraldiko lehen garaipena lortu zuelako, arerio zuzen baten kontra, gainera. Partida hasi eta ordu erdira, Arratibelek etxarriarren lehen gola sartu zuten, eta abantaila horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, partida erabakitzeko gogoekin atera ziren zelaira etxarriarrak. Horrela, Agirrek bigarrena sartu zuen, eta, bukaera aldera, Floresek hirugarrena. Urre zaporeko lehen hiru puntuak dastatu zituzten, beraz, Etxarri Aranatzen.
Sailkapen orokorrean Barañaingo Lagunak taldea da liderra (12 puntu). Lagun Artea 11.a da (5 puntu) eta Etxarri Aranatz 15. Postura igo da (3 puntu). Asteburuan, San Andresen kontra ariko da Lagun Artea eta San Jorge izango du aurkari, aldiz, Etxarri Aranatzek.
Lagun Artea IMQ Kopatik kanpo
Urriaren 12an IMQ Kopako final hamaseirenak jokatu ziren eta Doneztebe izan zuen aurkari Lagun Arteak. Doneztebekoak nagusitu ziren hasieratik eta, azkenean, 4 eta 0 irabazi zieten lakuntzarrei. Horrela, Lagun Artea IMQ Kopatik kanpo geratu da.