Hainbat sakandarrek Sanchezen eta Cuixarten espetxeratzeak salatu dituzte

Guaixe 2017ko urr. 17a, 20:07

Altsasuko elkarretaratzea.

Gure Esku Dagok deituta “bi Jordiek lan infinitua aitortzeko, babesa emateko, eta bidegabekeria salatzeko”, kalera atera dira.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epailearen aginduz Madrilen preso daude Jordi Sanchez (Omnium Cultural) eta Jordi Cuixart (Biltzar Nazional Katalana). Gure Esku Dagok (GED) kartzelaratze horiek gaitzesteko euskal herritarrak plazetara ateratzera deitu ditu eta mobilizazioarekin bat egin dute hainbat sakandarrek. Irurtzunen, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Altsasun eta Olatzagutian kontzentrazioak egin dira. Azken horretan bukatu baino bost minutu lehenago Guardia Civila agertu eta komunikatu gabeko kontzentrazioa zenez isunak jartzearekin mehatxatu du. Bildutakoek joatea erabaki dute.

Junts (elkarrekin) eta Gu beti Kataluniarekin lelopean egin dira kontzentrazioak. Atzotik preso dauden ANC eta Omniumeko presidenteen “lan infinitua aitortu, babesa eman, eta bidegabekeria” salatu dute horrela.  Akaberan GEDeko ordezkariek adierazi dute Sanchez eta Cuixart “herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik kartzelara eraman dituzte, baldintzarik gabe”. Salatu dutenez, “ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez”. Gaineratu dutenez, “urrutiegi iritsi da. Herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino”.

Azpimarratu dutenez, “orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil”.  Hori “oso larria” dela nabarmendu dute eta gaztigatu:  “demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe”. Katalanek “XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu” diotela azaldu dute GEDetik, “eta erakutsi dute herritarren gehiengoaren borondatea beste mugarik ez duela etorkizun justuago batek. Era baketsu eta zibikoan egin dute, irribarre batekin ahoan”.

Irurtzungo kontzentrazioa. Argazkia: @AinhoaIrurtzun

 

Arbizuko kontzentrazioa. Argazkia: @EHBilduNafarroa

Etxarri Aranazko kontzentrazioa. Argazkia: @EtxarrikoSortu.

Bakaikuko kontzentrazioa. Argazkia: @galdeketbakaiku

Olatzagutiko kontzentrazioa. Argazkia: @EHBilduNafarroa