Martxa nordikoa, ipar martxa edo nordic walkinga indar handia hartzen ari da. Kirol honek onura nabarmenak ditu osasunerako, geroz eta jarraitzaile gehiago ditu eta horregatik, Sakanako Mankomunitateak martxa nordikoan edo bastoiekin ibiltzen ikasten laguntzeko martxa nordikoko teknika ikasteko ikastaroa antolatu zuen larunbaterako, urriaren 21erako. Erantzuna aurreikusi baino handiagoa izan denez, azkenean bi saio eskainiko dira: larunbatekoa, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte, Altsasun, eta igandean, ordu berean. Monitoreak Gorka Garcia eta Gema Urdaniz izango dira.
Nordic walkingaren onurak handiak dira: sistema linfatikoa aktibatzen du, gure defentsak indartzen ditu, gorputza tonifikatu, burua erlaxatu eta estres eta antsietateari aurre egiten dio, besteak beste. Horretaz gain, korrika egiten baino kaloria gehiago erretzen dira eta oinez ibiltzea baino osasuntsuagoa da, sistema kardiobaskularra eta birikietako gaitasuna lantzen laguntzen du, hezurrak sendotzen ditu artikulazioak mindu gabe eta orkatila, belaun eta bizkarrari ez die kalte egiten. Eta mugimenduen sinkronizazioak garuneko bi hemeisferioen arteko konexio berriak sortzen laguntzen du.