Asteburu honetan hasiko dira 2017/2018ko Sakanako Futbol eta Areto Futbol Topaketak, Sakanako Mankomunitateak Sakanako futbol taldeen laguntzarekin batera antolatuta. Bi mailatan jokatuko dira, kimuen mailan eta benjaminen mailan. Kimuak asteburu honetan hasiko dira eta benjaminak, aldiz, hurrengo asteburuan. Jakina denez, Sakanako Futbol 8 Topaketen helburua txikienengan futbola eta areto futbola sustatzea da, kirola egiteaz gozatzea. Ez da lehiakortasuna sustatu nahi eta horregatik Mankomunitateak ez du inolako sailkapenarik egiten.
Kimuetan sei talde
Kimuen mailan asteburu honetan lehenengo joanaldiko 1. jardunaldia jokatuko da, Etxarri Aranatzen. Sei talde lehiatuko dira: Olaztiko Sutegi, Altsasuko Kaixo eta Tipi Tapa, Urdiain, Etxarri Aranatz eta Lakuntzako Lagun Artea. Partidak Etxarri Aranatzen, Dantzalekun, Lakuntzan, Urdiainen eta Olaztin jokatuko dituzte. Jakina denez, topaketa hauetan futbola eta areto futbola tartekatzen dituzte. Azaroaren 19ra bitartean futbolera ariko dira, abenduaren 3an areto futbolean, eta bigarren joanaldian, abenduaren 17tik aurrera, futbolari ekingo diote. Txapelketa maiatzaren 6an despedituko da.
Benjaminetan 9 talde, urriaren 29tik aurrera
Bestalde, aipatzekoa da, txikiagoek, benjaminek, urriaren 29an ekingo diotela Sakanako Benjamin Mailako Areto Futbol eta Futbol 8 Topaketei. Partidak Dantzalekun, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Ziordian jokatuko dituzte. Ondoko taldeak lehiatuko dira: Sutegi, Altsasuko Mediolanum, Txartel eta Seguros Sayas, Etxarri Aranatz 1 eta Etxarri Aranatz A, Lakuntzako Lagun Artea, Uharte Arakilgo Aralar Mendi eta Betelu.
Sakanako Futbol 8 Topaketak
Kimuen 1. Jardunaldia (igandean, Etxarri Aranatzen)
10:00etan: Urdiain – Tipi Tapa
11:15ean: Sutegi – Kaixo
12:30ean: Lagun Artea – Etxarri Aranatz