Alzheimer gaixoen zaintzaileen estresari aurre egiteko tailerrak

Guaixe 2017ko urr. 23a, 08:35
Josefina Arregi klinikan erabiltzailea eta langilea.

Nafarroako Alzheimer gaixoen senideen elkarteak, Afanek, herrialdean barna prestakuntza tailerrak ematen hasi da. Alzheimer gaitza edo bestelako dementziak dituzten pertsonen zaintzan senide, zaintzaile edo interesa duen edozeini zuzendutako saioak dira. Tailerrek honako izenburua dute: familiako zaintzailea eta estresaren kudeaketa, ur azalean mantentzeko baliabideak sortzen. Afanen  saio horien helburua argia da: zaintza lanak luze egiteak ezinbestean sortzen duen estresa erregulatzeko aholkuak eta tresnak ematea, egiteko horrek zaintzailearen osasuna estutasunean jartzen duelako eta zaindutako pertsonengan negatiboki eragiten duelako.

Dohainik diren tailer horiek joan den astelehenean Irurtzunen hasi ziren eta abenduaren 20ra arte Nafarroako geografian barna 31 alditan eskainiko dira. Altsasun etzi, asteazkenean, izanen da, 16:30ean, Josefina Arregi klinikan. Azkenik, Etxarri Aranatzen azaroaren 30ean, ostegunean izanen da, 16:00etan, kultur etxean.