Igandean Urraki Igoera jokatu zen Azpeitian, Nafarroako Mendi Igoera Txapelketako baliagarria zen azken proba. Bertan Sakana Motorsport taldeko bi pilotu sakandar lehiatu ziren, Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra (Renault 5 GT Turbo) eta Mikel Mendinueta arbizuarra (Peugeot 205 Gti).
Egun guztia euripean ibili behar izan zuten pilotuek eta bidea oso irristakorra izan zuten uneoro. Uretako gurpilekin aritu behar izan zuten eta, ondorioz, Formula, barketa eta halako kotxe azkarrei 4x4 auto batek hartu zien aurrea. Horrela, Iñaki Aiertza (Mitsubishi Lancer Evo IX) izan zen azkarrena (3:38.370), aurreko astean Urbasako Igoera irabazi zuen Joseba Iraolari (Norma NAC M20) 3 segundo aterata (3:41.448).
Iban Lopez de Goikoetxea 12.a sailkatu zen scratch edo sailkapen orokorrean (3:56.501). Bere mailan, Formula Librean, hirugarrena izan zen olaztiarra. Bestalde, Mikel Mendinueta 20.a sailkatu zen (4:15.049) eta bere mailan, 3. Klasean, laugarrena izan zen.
Nafarroako Mendi Txapelketan gure pilotuak bikain
Urraki Igoerak erabaki zuen Nafarroako Mendi Txapelketa. Ondoko probek puntuatu zuten: Arnedilloko Igoerak, Ibardin Igoerak, Petillako Igoerak, Jaizkibel Igoerak, Urbasako Igoerak eta Urraki Igoerak. Pilotu sakandarrek lan ona egin dute denboraldian barna eta podium guztietan ordezkaritza izan genuen. Monoplazen mailan Arkaitz Ordokik irabazi du Nafarroako Mendi Txapelketa (290 puntu), Pantxo Egozkueren (128 puntu) eta Iker Palacios lakuntzarraren aurretik (100 puntu). Garikoitz Flores laugarrena sailkatu da (54 puntu).
Bestalde, turismoetan Iñaki Lapuentek irabazi du Nafarroako Mendi Txapelketa (343 puntu). Mikel Mendinueta arbizuarra hirugarrena sailkatu da (201 puntu) eta Etxeberriko Garikoitz Goñi seigarrena (80 puntu). Eta, bukatzeko, Formula Libre mailan Iñaki Alegriak irabazi du (160 puntu), Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarraren aurretik (140 puntu). Iñigo Zelaia bakaikuarra seigarrena sailkatu da (43 puntu).