Sakanako Mankomunitateak ipar martxa, martxa nordikoa edo nordic walking ikastaroa antolatu zuen asteburuan Altsasun, Kaputxinoetan. Interesa eta erantzuna handia izan zirenez, bi saio antolatu ziren. Horrela, Larunbateko taldean 19 pertsona trebatu ziren, eta igandekoan beste horrenbeste. Monitoreak Gorka Garcia Román eta Gema Urdanitz Etaio sakandarrak izan ziren eta esperientzia “primerakoa” izan zela aipatu digu Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. “Ipar martxa ikastaroa kirol eta jarduera fisiko osasuntsuak bulkatzeko helburua jarraituz antolatu genuen. Guztira 38 pertsona aritu dira martxa nordikoan trebatzen, bi taldetan. Eta erantzuna eta esperientzia ikusita, datorren urtean beste ikastaro bat egiteko asmoa dugu” gaineratu du teknikariak.
Jakina da martxa nordikoak onura nabarmenak dituela osasunerako: sistema linfatikoa aktibatzen du, gure defentsak indartzen ditu, gorputza tonifikatu, burua erlaxatu eta estres eta antsietateari aurre egiten dio, besteak beste. Horretaz gain, korrika egiten baino kaloria gehiago erretzen dira eta oinez ibiltzea baino osasuntsuagoa da, sistema kardiobaskularra eta birikietako gaitasuna lantzen laguntzen du, hezurrak sendotzen ditu artikulazioak mindu gabe eta orkatila, belaun eta bizkarrari ez die kalte egiten. Eta mugimenduen sinkronizazioak garuneko bi hemeisferioen arteko konexio berriak sortzen laguntzen du. Geroz eta jarraitzaile gehiago ditu kirol honek eta gure bide, xenda eta mendietan ohikoa bihurtzen ari da.