Lesakako Tantirumairu ikastolatik Iñigo Aritza ikastolarako bidea egin zuen Nafarroa Oinezko lekukoak larunbatean. Mendirik mendi, basoz baso etorri ere. Bi ikastolek antolatutako lekuko aldaketan makina bat boluntarioren bizkarrean ekarri zuten lekukoa, motxilan sartuta, lasterka. Altsasura San Pedro bidetik sartu zen eta ikastolako adin desberdinetako ikasleek lekukoa eramateko aukera izan zuen herrian barna.
Behin plazara iritsita Iñigo Aritza ikastolako presidente Eneida Carreño Mundiñanok hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, lekukoak berarekin “ ilusioa dakar, erantzukizuna, ardura, erronka, auzolana, algarak, malkoak, zirrarak…” Lekukoaren bozeramaile gisa esan zuen: “euskara eta ikastolen proiektua zabaltzera nator, zuekin batera lan egitera nator. Emaitzak ekarriko dituen lana egitera. Urtean zehar euskararen presentzia gehiago indartzera nator”. Lekukoak esan zuenez, “altxor bat naiz, euskara eta hezkuntza propioaren altxorra”. Inklusibitatea bulkatzeko asmoz, Carreñok uneoro aldamenean gor-mutuen interpretatzaile bat izan zuen.