Garalurrek landa garapenerako proiektuen bigarren deialdia zabaldu du

Guaixe 2017ko urr. 26a, 12:19

Sakanako ikuspegia Txurruku puntatik.

Nafarroako Mendialdetik aurkeztutako proiektuetarako 1.792.477 euroko poltsa du.

Cederna-Garalurrek Mendialdeko Landa Garapenerako Proiektuen 2014-2020 programako oinarri arautzaileak eta bigarren deialdia egin berri du, lastailaren 21etik abenduaren 18ra arte zabalik dagoena. Nafarroako Gobernuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen dute programa, 1.792.477 euro banatuko duena.

Deialdira aurkeztu eta onartzen diren ekonomia-jarduerak helburu duten proiektuen edo ekoizpeneko proiektuen % 30, gehienez, finantzatuko du. Eragin ekonomikoa baino eragin sozial handiagoa dutenak edo ekoizpenekoak ez diren proiektuei dagokienez, finantzaketa % 70ekoa izanen da. Nolanahi ere, laguntzaren muga 50.000 eurokoa izanen da.

Aurkeztuko diren proiektuak ondoren aipatzen diren ardatz estrategikoetan multzokatutako 32 jarduera-ildoren baten barnean sartzeko modukoak izanen dira: herritarrak tokian-tokian mantendu eta finkatu; lehen sektorea eta basogintza; natura-baliabideen ustiapen jasangarria; zerbitzuak garatu eta ondareari balioa eman; eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagundu. Informazio guztia eskuragarri dago www.cederna.eu web-orrialdean.

Cederna-Garalurren programaren helburu nagusia Nafarroako Mendialdeko tokiko garapena sustatzea da, enpresa-ehuna sortzen eta finkatzen lagunduz, eta, bestetik, zerbitzu eta azpiegitura publiko berriak garatzea, Garalur elkartearen kudeatzaile Ibon Mimentzak esan duen moduan, “Nafarroako Mendialdea bizitzeko eta lan egiteko lekua izan dadin”.