Sakanako Herri Lasterketa bihar jokatuko da, Uharte Arakilen

Guaixe 2017ko urr. 27a, 13:30

17:00etan kategoria txikiko probak jokatuko dira eta 18:00etan lasterketa nagusia. Aldi berean, Errefuxiatuen Aldeko Martxa antolatu dute. Ohiko auzatearekin batera, siriar eta marokoar jakiak eskainiko dira eta pintxo pote berezia antolatu da, jasotakoa errefuxiatuekin lan egiten duten Sakana Harrera Harana eta HELP-NA suhiltzaile boluntarioei bideratzeko

Sakanako Herri Lasterketako egitaraua
15:30ean:     Magia ikuskizuna Maksim Magoarekin, plazan.
16:00etan:     Dortsalak jaso.
17:00etan    Kategoria txikikoen lasterketak.
18:00etan:    Helduen lasterketa eta Errefuxiatuen Aldeko Martxa.
19:00etan:    Helduen sari banaketa eta auzate berezia.
19:30ean:    Pintxo pote berezia.

Aurten 17 edizio bete ditu Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusiak. Astelehenean egin zuten aurkezpena, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan. Bertan izan ziren Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikari Bego Zestau, Uharte Arakilgo kirol zinegotzi Mikel Razkin, Burundesako ordezkari Javier Fonseca, Iruñean bizi den Abdul Razak Alyusuf siriar errefuxiatua eta Sakanan urte asko daramatzan Abderrahim Khlifi marokoarra. Izan ere, Kirol Zerbitzuarekin batera aurten Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak ere antolatu du Sakanako Herri Lasterketa eta, nobedade moduan “Ongi etorri errefuxiatuak” leloa izango du ibarreko lasterketak. Proba antolatzeko Uharte Arakilgo Udalaren, Aralar Mendi elkartearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Mank-ek, eta La Burundesa babesle nagusiaz gain, Coca Cola, Lacturale eta herriko hainbat babesle ditu probak.

Atletismoa sustatzea
Sakanako Herri Lasterketa Sakanan atletismoa eta bereziki krosa bulkatzeko antolatzen du Mank-ek. “Atletismoak beti indarra izan du gurean. Hor dago Dantzaleku-Sakana taldea, proba honetan ere laguntzaile izango duguna. Etxarri Aranatzen ere iaz beste eskola bat sortu zen, lanean dagoena. Korrikalari asko ditugu gurean. Esaterako, azaroaren 12an Behobia-Donostia jokatuko da eta bertan korrikalari sakandar ugari arituko dira. Eta hain zuzen ere, Behobia lasterketa prestatzeko Sakanakoa aukera paregabea da” azaldu zuen Amaia Gerrikagoitiak. Kirol teknikariak gaineratu zuen, Sakanako Herri Lasterketarekin “gure herriak, gure kultura eta euskara bulkatu” nahi direla. “Horregatik lasterketa urtero herri ezberdin batean egiten dugu, gure herriak erakusteko. Aurten Uharte Arakilek hartuko du proba” nabermendu zuen. Burundesako Javier Fonsecak azaldu zuen enpresa bertakoa dela eta Sakanan antolatzen diren halako ekimenetan eurekin gogoratzea eskertzen dutelako, “halakoetan gure kolaborazioa ematea gustuko dugulako”.  
Guztiek Sakanako Herri Lasterketan eta Errefuxiatuen Aldeko Martxan parte hartzera animatu zituzten sakandarrak, “egun polita” izango delako, Sakanako atletismo festa.

Ongi etorri errefuxiatuak
Lelo hori du aurtengo Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusiak. “Sakanan urtero antolatzen dugun herri lasterketan Nafarroan eta Sakanan dauden beste sentsibilizazio batzuk zabaltzeko aprobetxatu nahi izan dugu. Kasu honetan, errefuxiatuen eta etorkinen gaia hartu dugu aintzat eta “Ongi etorri errefuxiatuak” leloa gehitu diogu Sakanako Herri Lasterketari. Bi stand jarriko ditugu Uharte Arakilen, bata Sakanan errefuxiatuen gaia lantzeko sortu den Sakana Harrera Haranarena eta bestea HELP-NA taldearena, Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile Bolondresen Taldearena. Azken hauek Greziako errefuxiatu kanpamenduetan lan handia egiten dute. Horrela, errefuxiatuen errealitatea eta bizipenak zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango dugu” adierazi zuen Mank-eko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikari Bego Zestauk.

Kategoria txikietako lasterketak, 17:00etan
Sakanako Herri Lasterketako kategoria txikiko probak 17:00etan hasiko dira. Aurretik, 16:00etatik aurrera, izena-ematea egin beharko da, plazan. Haurrek dohainik izango dute parte-hartzea. Plazaren inguruetan, aurrebenjaminek 275 m, benjaminek 450 m, kimuek 750 m eta haurrek 900 m osatu beharko dituzte. Kadeteak eta jubenilak helduekin ariko dira, proba nagusian.

4 km-ko zirkuitua
Sakanako Herri Lasterketa antolatzeko Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteak eta Udalak 4 km-ko zirkuitua prestatu dute. “Herria erakusteko eta ezagutarazteko zirkuitua prestatu dugu. Plazatik aterata, Itsesi aldera joko dugu, Itsesi parkea, autokarabana gunea eta beste ikusteko. Ondoren Katanga auzo aldera jaitsiko gara eta “Camino Viejo” delakoa hartuko dugu, Katanga auzotik herrira jotzeko. Mendikoa kaletik jaitsi, herri gunean bira bat egin eta berriro plazan geundeke” azaldu du Uharte Arakilgo zinegotzi Mikel Razkinek. Kadeteek buelta bat emango diote ibilbideari (4 km), eta gainontzekoek bi itzuli (8 km).
Dutxak frontoian eta Itsesi igerilekuetan izanen dira.

Errefuxiatuen Aldeko Martxa
Proba nagusiarekin batera Errefuxiatuen Aldeko Martxa abiatuko da. Lasterketarako prestatutako zirkuituari buelta bat ematea da helburua, oinez. Ekimen irekia da eta nahi duten orok har dezakete parte, doan.

Izena ematea zabalik
Izena ematea zabalik dago, aurretik, www.kirolprobak.com web gunean, urriaren 27ko 21:00ak arte. Kadeteek, juniorrek eta haurrek ez dute ezer ordaindu beharko. Helduek aldiz, txip horia dutenek 8 euro eta alokairuzko txip txuridunek, aldiz, 9 euro. Bihar, lasterketaren egunean izena emateko aukera dago Uharte Arakilgo plazan, 16:00etatik 17:30era (txip horidunek 10 euro eta txip txuridunek 11 euro).

Sakanako Koparako baliagarria
Sakanako Herri Lasterketak Sakanako XIV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria da. Orain arte Koparako baliagarriak ziren hiru lasterketa jokatuta, emakumezkoetan Izaskun Beunza da liderra eta Ginesa Lopez bigarrena, eta, gizonezkoetan, Raul Audikana doa buruan, Felix Benjumearen eta Francisco Gomezen aurretik. Biharko Sakanako XVII. Herri Lasterketak eta abenduaren 8ko Barricarteren XXXVII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak erabakiko dute proba.

Sariak eta zozketak
Sari ematea 19:00ak inguruan hasiko da. Sakanako Herri Lasterketako lehenengo hirurek eta lehengo hiru sakandarrek, gizonezkoek eta emakumezkoek, saria izanen dute, bertako produktuak. Horretaz gain, lehenengo kadeteek, jubenilek eta beteranoek, hiru mailatan, saria jasoko dute ere, eta Uharte Arakilgo lehenengo korrikalariendako ere saria egongo da.
Bestalde, lasterketa eta martxa bukatzen duten partaide guztien artean, Peio Goikoetxea masajistaren masajeak zozketatuko dira, txerrikume bat (Mendinueta harategia), Mendikoa kafetegian bi pertsonendako otordua, Itxesi jatetxean bi pertsonendako otordua eta Ongi etorri errefuxiatuen bi kamiseta.

Magia eta auzate berezia
Zestauk gaineratu zuenez, arratsalde osoko egitaraua antolatu nahi izan dute, adin guztietarako, eta ohiko lasterketez gain, haurrendako magia ikuskizuna antolatu dute 15:30ean, Maksim Magoarekin. “Lasterketa eta martxa bukatzerakoan, Uharte Arakilen bildutako korrikalari, ikusle eta plazan dauden guztiendako auzate berezia egonen da, dohainik. Ohiko bertako jakiez gain, Abdulek Siriako jakiak prestatuko ditu, falafel ezagunak, garbantzu eta baba pilota antzekoak, eta jaki goxo eta dultzeak baita ere. Eta Abderrahimek Maroko aldeko jakiak ekarriko ditu, haragi brotxetak, tea eta beste. Iruditzen zaigu beraien presentzia dela modu eraginkorrena euren errealitatea eta bizipenak ezagutzeko eta aurreiritziak eta estereotipoak kentzeko” nabarmendu zuen Zestauk.

Pintxo pote berezia
Larunbatean, 19:30etik aurrera, Uharte Arakilgo hiru tabernatan pintxo-pote berezia izanen da. Pintxo-poterako txartelak salgai jarriko dira, 2,50 eurotan. Trukean Mendikoa kafetegian, Motxale tabernan eta Jubilatuen elkartean edaria eta pintxoa hartzeko aukera egongo da, eta lortutako etekina errefuxiatuekin lan egiten duten Sakana Harrera Harana eta HELP-NA taldeetara bideratuko da.