Izar gorriari...

IRUNE UNAMUNO GOIKOETXEA 2017ko urr. 27a, 08:02

kolaboratzaileak

Diren datak direla, dena datorkit burura. Gogoratzen elkarrekin geundenean? Kalera atera, eta askatasun osoz egoten ginenean? Hitz egiteko, besarkatzeko, elkarrekin egoteko, muxu emateko... trabarik ez genuenean?
Gau batean, genuen dena lapurtu ziguten. Nola liteke urte batean bizitako guztia, normaltzat genuena, hainbeste aldatzea? 2016ko udazkena eta hortik aurrera bizitakoa gogorra izan da; gugandik urrun daudenak, gure artean izateko irrikitan egotea, astebururo 1.000 km egitea 40 minutuz kristal baten atzetik haiek ikusteko (nahiz eta sentimendu gazi gozoz osatutako bisita izan), gorputzan sartzen zaizun sentimendu nazkagarria, askatasuna lapurtzen dieten leku ilun horietatik ateratzerakoan bertan uzten dituzula jakinda, Altsasura bueltatzean, 12 hilabete beraien ahotsak entzun egin ez dutenei zer moduz dauden azalduz... Nola izan daiteke hori gure gaurko normaltasuna?
Hortaz aparte, zutaz ere ez gara ahazten, San Donato argitzen zuen izar gorria. Urte bat pasa da eta gertatutako guztiarekin, beste kolpe bat bezala jaso genuen; kolpe latza. Baina azalean zeneukan «indarra ta aurrera» aintzat hartuz, aurrera jarraitu dugu.
Izar gorriari, zuri, urrun ditugu lagunak, hasieran aipatutako egun horietan bezala besarkatu arte eta denek haien ahotsak entzun arte, gure borrokak etenik izango ez duela zin dagizugu.
Bitartean, zuei, maite zaituztegula eta gogor eusteko ozen oihukatuko dizuegu. Etxean izan arte!
Muxurik beroena. Ez  etsi, eutsi!