SGAk galdera egin digu: zer da Sakana zuretako?

Guaixe 2017ko urr. 27a, 19:41

Jendetza Altsasuko ferietan.

Sakandarrekin ibarra "berezi eta erakargarri zerk eratzen duen identifinakatu" nahi dute.

Sakanako Garapen Agentzian (SGA) hausnarketa prozesu bat egiten hasi dira eta hura osatzeko sakandarren iritziak jaso nahi dituzte. SGAko Mikel Gaita Ansak azaldu digunez, "Sakana eskualde berezi eta erakargarri bat zerk eratzen duen identifikatzeko eta gure eskualdea etorkizunean nolakoa izatea nahi dugun ezagutzeko" bideratu dute hausnarketa prozesua. Horrekin guztiarekin, "Sakanan ditugun aukera eta sendotasunak adieraziko dituen marka irudi bat osatuko dugu".

Horregatik, "Sakanako biztanle eta langile guztiei" galdera bati erantzuteko eskatu digute: Zer da Sakana zuretako? Erantzuna errazteko beste hiru galdera proposatu dituzte: Nola ikusten duzu Sakana orain eta etorkizunean? Nola uste duzu ikusten dutela Sakana kanpoan? Sakanako zerekin identifikatuko zinateke. Audio, bideo eta idatziz erantzun daiteke. E-postaz: info@sakanagaratzen.com helbidean. Facebook-en Sakana Garapen Agentzia profilaren bidez. Twitterren @sakanagaratzen profilera txioa bidaliz Eta, azkenik, whatsapp aplikazioa erabiliz mezua 674 146 472 telefonora bidaliz.