Errigora garaia da

Guaixe 2017ko urr. 26a, 19:01

Gaurtik azaroaren 14ra arte ohiko tokietan eska daitezke Nafarroako hegoaldeko produktuekin osatutako kutxak. Errigorak hegoaldeko euskalgintzari eta tokiko ekoizleei bultzada eman nahi die.

Zubigintza leloa hartu du Errigorak kanpaina berrirako. Errigora ekimenean hainbat helburuk bat egiten dute: Nafarroa hegoaldean euskarak tresna estrategiko berriak gauzatzea; merkaturatze bide berriak gauzatzea; ekoizpen-ekoizle berriak finkatzea; lurralde eta eremuen arteko harremanak
trinkotzea… Hori guztia egiteko eta ametsak errealitate bihurtzeko zubi berriak behar direla diote Errigorakoek eta kanpaina berri honekin bere ekarpena egin nahi dute.

Horretarako, zubigintza ere baden herri-lanari, auzolanari ekitera deitu dute Errigoratik. Udazkenean egiten duten Euskarari puzka kanpainarako 25 ekoizle batu zaizkie. Haien produktuekin beteko dituzte saski beltzak (Errigorako kutxa klasikoa) eta txuriak (berrikuntzak dituenak). Joan den urteko kanpainaren bidez Nafarroa hegoaldeko produktuz betetako 14.000 saski saldu ziren eta ahalegin horrek Erriberako euskararen normalizaziorako 175.000 euroko hauspoa izan zen. Edo, bestela esanda, Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleendako erakusleihoa eta indarberritzea izan zen. Eta Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolen biziraupenerako, Erriberako Aek indartzeko eta D ereduko lerroak babesteko eta zabaltzeko dinamikak biderkatzeko balio izan zuen. Hala ere, Errigorago joateko amets berriak, zubiak marrazten hasi dira euskararentzako ere.

Udaberri honetan Eskutik Eskura kanpainaren bidez, ekoizleen eskuetatik kontsumitzaileenera zuzenean 85.000 litro olio eta 208.000 kontserba ontzi saltzea lortu zuten. Bitartean zubi berriak sortzen segitu nahi dute: Nafarroako hegoaldeko euskaltzaleen artean; ekoizle, kontsumitzaile, kontsumo-talde, dendari, jantoki eta abarren artean; nekazari eta elaboratzaileen artean; herria egin eta eraldatzen ari diren eragileen artean.

Egutegia
Lastailaren 26tik azaroaren 14ra eskaerak egiteko epea.
Azaroaren 2, 3 eta 4an auzolana Ablitasen.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra saskien banaketa.
Abenduaren 4tik 14ra ordainketak.