Amiantoaren Biktimen Elkartea, berriro hastera

Guaixe 2017ko urr. 27a, 08:58

Elkarteko kideak batzarra despeditu ondoren, estatutuak osatzeko datuak ematen.

Bigarrenez eratze batzarra egin zuten, ostiralean. Asviaminen helburuak amiantoaren arazoaren berri ematea da eta kaltetutakoei gaixotasunak aitortzen eta kalte ordainak jasotzen laguntzea da. 

Urte bat eta egun bat geroago Altsasuko Gure Etxea eraikinak Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkartearen, Asviamin, eratze batzarra hartu zuen ostiralean. Bigarrena eratze batzarra da, joan den urtean, toki berean, eratutzat eman baitzuten. Baina urte baten buruan Asviamin ez zegoen Nafarroako Gobernuaren elkarteen erregistroan eta kide batzuk gaiari berriro heltzea erabaki zuten.

 “Elkartea ezin izan da eratu presidente ardura hartu zuena gai pertsonalekin oso lanpetuta egon delako eta, azkenik, presidente berria aukeratu behar izan dugu. Ea elkartea eratzeko gai garen”. Jose Manuel Buenoren azalpenak dira, Asviamin elkarteko presidente berriarenak. “Gogoz” hartu du ardura. “Garrantzitsuena elkartea eratzea da, kaltetuek arazo asko dituztelako. Haiei aholkularitza eta argibideak emateko, ahal den guztiari laguntzeko ea funtzionatzen dugun”.  Euskadiko elkartearen laguntzarekin sortu zen Nafarroakoa eta harremanetan eta koordinatzen segituko dutela azaldu digu presidente berriak.

Buenok azaldu digunez, “zoritxarrez amiantoarekin jende askok lan egin du. Kasu asko ez ateratzea espero dugu, baina egunero gehiago ateratzen dira. Lehen jendeak ez zekien zer zen amiantoa. Baina orain badaki. Eta badakite zein ondorio dituen. Gainera, gero eta kaltetu gehiago ateratzen ari dira”. Ostiralean 26 pertsona izan ziren eratze batzarrean. Elkartea eratu gabe egonda ere bakarren bat gerturatu izan da, “baina martxan jarri arte ez dugu lau haizetara zabaldu nahi izan elkartearena. Behin elkartea eratzean esku-orriak eta kartelak aterako ditugu jendeari hemen gaudela esateko”. Informazioa eta aholkuak emateko hitzaldiak eta beste egitea aurreikusia dute. Administrazioaren aurreko eratze tramiteak lehenbailehen egin nahi dituzte.

Funtsaren sorrera
Urte batean aldaketak izan dira amiantoaren gaiaren inguruan. Kaltetuei gehien eragiten diena hilaren 11n onartu zen Espainiako Kongresuan. Euskal Autonomia Erkidegoak proposatuta amiantoak kaltetutakoendako konpentsazio-funtsa sortzea onartu zen. Alderdi guztiek aldeko botoa eman zuten, abstentziora jo zuen PPk ezik. “Ikusi beharko da. Jarraipena egin beharko zaio, ea zer dagoen edo ez dagoen. Legeak ongi begiratu behar dira. Onerako izatea espero dugu”, esan  digu Buenok.

Konpentsazio-funtsaren sorrerak amiantoaren biktimendako aldaketa handia dakar: orain arte kalte-ordaina jaso ahal izateko epaitegira jo behar zuten eta auzitegiak onartu egin behar zien zutena amiantoak eragindako lan-gaixotasuna zela. Europako hainbat estatutan urteak daramatzate konpentsazio-funtsak martxan. Harendako dirua gizarte segurantzako lan mutualitateko soberakinak (% 90) eta estatuak (% 10) jarriko dute.

Amiantoa eta gaitzak
Surik hartzen ez zuelako, isolatzaile perfektua zelako, arina zelako eta merkea zelako eraikuntzan, siderurgian, automobilgintzan, itsasontzien, trenen eta hegazkinen eraikuntzan erabili zen Amiantoa joan den mende erdialdetik 2001era arte. Amiantoa erabili zuten pertsonek eta horien arropak garbitu izan dituztenak gerora minbizi jakin batzuk garatu dituzte. Horregatik, amiantoarekin lan egin dutenei Nafarroako Lan Osasunaren Institutura jotzeko eta material horrekin lan egin dutela probatzen duen idatzi bat aurkezteko aholkatzen diote. Eskaera ontzat jotzen badute osasun zaintza programan sartuko dute. Hala, gaitza lehenago harrapatzeko aukera izanen da. Eta institutuaren aitortza izatea amiantoarekin lan egin izana jasotzen duen dokumentu ofizial bat izatea da, epaiketan edo dena delakoan baliagarria izanen dena.