Cederna-Garalurrek antolatuta, ekintzaile esperientziak lehen pertsonan tailerra antolatu zen Sakana LH institutuan asteartean. Garalur Nafarroa Ekintzaile Sareko kidea da eta horregatik antolatzen ditu ekintzailetza sustatzeko egitasmoak. Sarea Nafar Lansarek finantzatzen du. Tailer horren bidez Garalurrek ikasleei azaldu nahi die ekintzailetasuna lana lortzeko aukera bat dela. Horrekin batera, ekintzaileak laguntzeko dauden baliabideen eta zerbitzuen berri ematen zieten. Baina guztia teoria izan ez zedin bertako ekintzaileen lekukotzak eraman zituen Garalurrek klasera, ikasleek ekintzailetza benetako aukera dela erakusteko.
Soldadura, mekatronika eta mantentze espezialitateko 14 ikaslek Zio Herreroren eta Xabier Gorrizen esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten. Biek euren pasioa bizimodu bihurtu dute. Ikasleei azaldu zieten zerk bulkatu zituen euren lanpostua sortzera, ideia nola sortu zen, martxan jartzeko prozesuan zailena zer izan zen, lorpen handienak zein izan ziren eta zein aurreikuspen dituzten.
Gorrizek (Xabi Tattoo Altsasu) eta Herrerok (Valkiria body art) LHko ikasleei azaldu zieten gehiago eskaintzeko eskaini ahal izateko bat egitea erabaki zutela. Ez dute elkar lehiakide moduan ikusi, herri berean egonda ere. Tatuaje zentro bakarrean zerbitzuak bateratzeak eskaintza handiagoa emateko aukera eman diela azaldu zuten. Hala, Gorrizek tatuatu egiten du eta azken modeloko laser tresna batekin tatuaje zaharrak, kolore galdutakoak edo aspergarriak kentzeko aukera du. Herrero tatuatzeaz aparte piercingak jartzen ditu. Horrela, bien artean, tatuaje zentro askok baino eskaintza zabalagoa lortu dute.
Cederna-Garalurrek Arbizuko industrialdeko Utzugane eraikinean du egoitza. Ekintzailetza zerbitzuarekin harremanetan jartzeko: 639 900 336 telefonoa.