Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak

Guaixe 2017ko urr. 27a, 10:37

Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust!

Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak



Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust!

Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak

 

Azkue Fundazioak antolatzen duen musika txapelketako 2017ko bederartzigarren edizioan 15 taldek eman dute izena. Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

Irailaren 22a eta urriaren 22a bitartean euskaraz musika sortzen duten taldeek Banden Lehian izena eman, euren datuak eta musika igo www.bandenlehia.eus era eta internet bidez botoak jasotzeko aukera izan dute.

Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian. Rock taldeak dira gehienak, baina pop, metal eta punk alternatiboa ere entzun daitezke.

Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeak hartu dute parte lehiaketan. Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako musikariak diren arren, Nafarroako talde bat ere badago aurten, Berakoa, hain zuzen ere.

Epaimahaia Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalezek (Last Tour International) osatzen dute.

Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! Aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek.

Talde finalistak hautatzeko lanetan aritu diren epaimahaikideek aurtengo maila oso altua izan dela azpimarratu nahi izan dute. Hiru talde aukeratu behar izan dituzte eta zaila izan da azken erabakia hartzea. Izan ere, oso lehia estua izan da, kalitate handiko proposamenekin.

Hiru finalista horiez gain, publikoak ere izan du bozkatzeko eta iritzia emateko aukera. Galdakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena Banden Lehiako web orrialdearen bitartez egindako bozkaketan, 10.612 botorekin.

Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izango dute berriro ere Azaroaren 24an Bilborocken ospatuko den finalean. Epaimahaikideak ere bertan izango dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izango den erabakitzen.

Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak kontzertua eskainiko du.

 

Akabu

Galdakaoko laukote gazte honek punk metal estiloa jotzen du, musika azkarra eta letra gogorrak. Aurtengo urtean hasi dira zuzenekoekin eta uda honetan bertan atera dute beraien lehen diskoa, 11 abesti propioz osatuta dagoena.

 

 

 

Aneguria

Durango eta Bilbo bitartean hezitako abeslari hau Rap eta raggamuffin bitartean dabilen "MC" da. Euskarazko bat-bateko rap eta bertso solasetan ibili ohi da.
2017ko ekainean Aneguriak bere bakarkako lehen lana atera du Horchata de chufa izenarekin.

 

 

A zken Trena

Beran sortutako talde honek Rock Alternatiboa jorratzen du. Hala ere, beste hainbat estilo ere lantzen dituzte, besteak beste, blues, pop-rock eta psikodelia. Lehen diskoa atera berri dute, Zerotik izenekoa. Zenbait bertsolari eta musikariren kolaborakioak dituzte beraien lan horretan.


 

 

 

Raust!

Raust! 2015eko hasieran sortu zen, Deustuko Gazte Lokaleko Bertsio Gauean jotzeko asmoz. Hasierako plan horren barruan sortutako lagun giro horretan, abesti propio batzuk sortzea erabaki zuten. Zenbait kontzerturen ostean, lehen demoa grabatzera animatu ziren eta aurten argitaratu dute
Rocka, bluesa, grungea eta metala dituzte ardatz.