Ia 10 urte kartzelaz kartzela anaia, koinatu eta osabarekin egon ahal izateko, eta bidaiak ez dira batere samurrak. Dispertsioaren beste egun bat. Murtziara bidaia; senideok, senide izate hutsagatik gu ere zigortuak gara ere.
8 orduko bidaia egin eta gero, ordu eta erdi irauten duen bisa gozatzeko aukera: elkar besarkatzeko unea, elkarrekin egoteko aukera, bai barrukoak eta bai kanpotik goazenok pilak kargatzeko unea. Ondoren, asteburuak ematen duen momenturik gogorrenetakoa: anaia, koinatua eta osaba bertan geratzen dela ikusten duzun unea. Barruan dagoenarentzat ere ez da samurra: badaki bera ikustera joateko egin beharreko guztia, eta haurrekin goazenean zer esanik ez. Oso urduri egoten da badakielako errepidean goazela, badakielako gastu handi bat suposatzen duela (gasolina, autopistak, janak, lo egitea…), bera ikustera sartzerakoan pasa beharko ditugun miaketak daudela, azken finean bera ikustera joateko traba askori aurre egin behar diogula…. Eta guzti hori gutxi ez balitz, gure kasuan bost izateagatik ez dugu aukerarik elkarrekin sartzeko…beti bat kanpoan geratu beharrean da. Orduan ere zigortuak. Berak gozatzen ditu une horiek eta indarra ematen diote bertan bizirauteko, baina sufrimendu bat da etxetik atera eta etxera iristen garen arte, ezjakintasunezko beste 8 ordu geratzen baitira.
Dispertsioarekin bukatu beharra dago. Noizbait ametsak egia bihurtuko direlakoan pausoak ematen jarraituko dugu berez aitortua duten familia-bizitzarako eskubidea bermatu dadin.