Asteburu hau ere erdipurdikoa izan da preferente mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Lagun Arteak sailkapeneko goikaldeko San Jorge taldea hartu zuen Zelai Berrin. Bi taldeak parez pare ibili ziren, baina atsedenaldia baino lehen San Jorgeko Ricardok ustez arriskurik gabe egindako jaurtiketa batek Lagun Arteako Egurza ukitu zuen eta baloia Lagun Arteko atera sartu zen, zorigaiztoko jokaldian. Horrela, markagailuan aurreratu zen San Jorge. Bigarren zatian Lagun Artea berdinketa lortzen saiatu zen, baina azken minututan San Jorgek bigarren gola sartu zuen eta 0 eta 2 irabazita hiru puntuekin joan ziren Iruñara San Jorgekoak. Lagun Arteak, aldiz, puntuatu gabe jarraitzen du eta sailkapenaren beheraldera jaitsi da.
Bestalde, San Donato zelaian Etxarrik Ardoi taldea hartu zuen. Lehen zatian etxarriarrak hobeto aritu ziren, baina gorritxoek ez zuten jokaldiak gauzatzen jakin. Atsedenaldia eta gero, Ardoik hobera egin zuen baina Etxarri jokoan sartu zen eta Zizurkoen atera iristen hasi zen. Hala ere, baloiak ez zuen sareetan bukatu nahi izan eta partida galtze sentsazioa utzi zuen husnako berdinketarekin bukatu zen.
Sailkapen orokorrean Lagunak da liderra, San Jorge bigarrenarekin puntutara berdinduta (16 puntu). Lagun Artea jaitsiera postuetara jaitsi da. 14.a da Lakuntzako taldea (5 puntu) eta Etxarri, aldiz, 16.a (4 puntu). Asteburuan Ardoi B izango du aurkari Lagun Arteak, Zizurren. Aldiz, Amigó taldearen kontra ariko da Etxarri Aranatz. Ea gure bi taldeak puntuak pilatzen hasten diren, azkeneko postu horiek atzean uzten hasteko.