Sakanako Mankomunitatearen eta Nafarroako beste 20 erakundeen Euskara Zerbitzuek elkarlanean antolatzen dute Etxapere saria, haurrendako euskarazko albumak sortzea helburu duena. Aurtengo irabazleak Ainara Azpiazu (Axpi) eta Paula Estévez izan dira, Arraroa albumarekin. Lana argitaratu da eta aurkezpena gaur egin dute.
Albuma etxebizitza bakar baten baitan ematen den istorioa da. Marrazkiek, etxebizitza horretako bizilagunak azaltzen dizkigute, leihoak abiapuntutzat hartuz eta hauen kanpoaldean eta barnealdean
gertatzen direnak azalduz. Epaimahaikideek esan dutenez, “haur batek gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, bineta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz”. Haien ustez, “egileek modu bikainean elkartu dituzte hitza eta irudia. Testuaren bidez egoerak aurkeztu ahala, irudien bidez egoera horiek bizia hartzen dute, umorea lagun eta detaileei arreta jarrita. Hizkuntza biek originaltasuna indarra eta askatasuna erakusten dute. Kolore biziek, berriz, areagotu baino ez dute egiten lanari darion bizipoza”.
Gaineratu dutenez, “tonua album guztian mantentzea lortzen du, liburu orekatua lortuz”. Aldi berean, nabarmendu dutenez: “album ilustratu horrek estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua eskaintzen digu eta, aldi berean, irakurleoi gogoeta egiteko aukera helarazten”.
Egileak
Paula Estévez Del Diego
Donostian jaioa, komiki marrazkilari eta ilustratzailea da. Argazkigintza eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako Arte Eder ikasketak amaitu ondoren, Berlinera joan zen bizitzera, non marrazketa berreskuratu zuen, txikitako grina.
Ordutik bere lana komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du, autoedizioan indar berezia ipiniz. Donostiara itzultzean, Mikel Larraioz eta Maite Caballero marrazkilariekin batera, Guillotina sortu zuen, Donostiako lehen autoedizio topaketa. Lau edizio egin dira jada.
2011tik hona autoeditatutako sei argitalpen egin ditu eta hainbat aldizkari eta fanzinetan ikus daiteke bere lana: Gaztezulo, Hijos Acabados, Berlin Scrawling, So International Zine, besteak beste.
Ainara Azpiazu, Axpi
Hernanin jaioa, 1980ean, marrazkilaria da. Soziologia lehenengo eta gero Arte Ederrak ikasi zituen EHUn. Ondoren, Italian Ars In Fabula, Master in illustrazione per l’Editoria ilustrazio Masterra burutu zuen.
2007tik aurrera ilustraziogintza, komikigintza, horma-irudigintza eta ume eta gazteekin tailerrak egitetik bizi da. Ilustratzaile gisa hainbat liburu eta argitalpen plazaratu ditu dagoeneko. Azkenen artean daude Nahla (Ibaizabal), Printzesa Pixontzia (Elkar), Hartz izozkijalea (Minis) edo Mozoloaren bidea (Dobera).
Komikigintzan berriz, besteak beste, Hernaniko Kronika, Irrien lagunak eta Gararen Zazpika gehigarrian kaleratzen ditu binetak gaur egun, beti berak egindako gidoiekin.
Horma-irudi ugari egin ditu, Donostialdean bereziki. Umore grafikoa eta komikigintza gai modura hartuta tailerrak burutzen ditu ume eta gazteekin, Hernaniko Andre Kalean duen tailerrean. Arraroa da idazle gisara argitaratzen duen lehen liburua.
Sarituak, epaileak eta antolatzaileak gaurko aurkezpenean.
Deialdi berria
Etxepare sariaren 2018ko deialdia egiteko baliatu dute aurtengo albumaren aurkezpena. Sariketara
haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira, hau da, “testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak”. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte hartu daiteke. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.
Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (bakarrik kontuan hartuko dira barneko orrialdeak). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Azken lau deialdietako idazleek edo ilustratzaileek ezin izanen dute aurkeztu. Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, hau da, azken bertsioa inprimatuta, bukatutako albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin, modu xumean bada ere. Horretaz aparte, maketa pdf formatuko fitxategia ere aurkeztu beharko da eta testu dokumentu batean jasoa albumaren testua.
Plika sistema erabiliz aurkeztuko dira lanak maiatzaren 18rako, Leitzako udaletxean, Euskara Zerbitzuan. Garagarrilaren 29a baino lehen jakinaraziko da epaia. Sari bakarra emanen da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.