Sakanako Herri Lasterketan Madejón eta Gil txapeldun

Guaixe 2017ko urr. 31a, 12:06

Sergio Garcia de Eulate eta Izaskun Beunza izan ziren lehen sakandarrak. Eguraldi politarekin, lasterketarekin batera Ongi Etorri Errefuxiatuak Martxa burutu zen

Sakandarrak XVII. Sakanako Herri Lasterketan
Gizonak
1.Victor Madejón (Irun): 26:55
4.Sergio Garcia de Eulate (Alts):27:23
5.Alberto Martinez (Lak):27:37
6.Raul Audikana (Olaz): 27:59
7.Javier Borrega (Alts): 28:13
8.Iraitz Senar (Lak):28:21
11.Adur Senar (Lak): 28:39
12.Juan Carlos Gomez (Alts):28:42
13.Iban Sobredo (Alts): 28:45
14.Fco. Javier Gomez (Alts): 28:51
16.Aritz Pellejero (Lak): 29:15
17.Asier Pellejero (Lak): 29:18
19.Alfredo Larraburu (Irur): 29:23
20.Iñaki Alvaro (Alts): 29:58
21.Gorka Garcia (Alts):30:00
23.Javi Casanz (Alts):30:32
27.Asier Usabiaga (Etx):31:27
28.Jokin Bereziarte (Alts):31:47
30.Mikel Iriarte (Arb): 31:49
31.Eneko Cruz (Uhar):32:08
34.Ekain Alegre (Alts): 32:43
35.Jose Angel Maiza (Uhar):32:45
36.Urko Gorriti (Uhar): 32:58
39.Urko Rekalde (Lak): 34:22
43.Jose Maria Irañeta (Uhar):35:04
46.Juantxo Azurmendi (Alts): 35:05
49.Aingeru Azazeta (Alts):35:36
50.Santi Agirre (Iturm):35:37
56.Daniel Alvarez (Uhar):37:43
59.Ander Marin (Uhar): 38:03
60.Ismael Lopez de Goikoetxea (Alts): 38:34
66.Iñigo Orella (Etx): 40:27
70.Mikel Irañeta (Uhar): 43:30
74.Koldo Goñi Beltza (Etx): 47:57

Emakumeak
29.Aitana Gil (Cabanillas): 31:48
33.Izaskun Beunza (Olaz): 32:39
41.Ginesa Lopez (Alts): 34:36
42.Leire Palacios (Alts): 34:36
44.Leire Estarriaga (Etx): 35:05
53.Leire Maiza (Etx): 36:12
67.Erkuden San Martin (Etx):40:27
71.Edurne Irañeta (Uhar): 43:30
75.Nora Goñi Beltza (Etx): 47:58

Kadeteak
-Lehen emakumea: Ainhoa Agirre
-Lehen gizona: Victor Miranda

Jubenilak
-Lehen: Leire Maiza
-Lehen gizona: Ekain Alegre

Beteranoak (35-49 urte)
-Lehen emakumea: Ana Cruz
-Lehen gizona: Victor Madejón

Beteranoak (50-59 urte)
-Lehen emakumea: Angela Gonzalez
-Lehen gizona: Francisco Javier Gomez

Beteranoak (60 urtetik aurrera)
-Lehen gizona: Emiliano Martin
(Ez zegoen emakumezkorik)

Sakandarrak
-Lehen sakandarrak: Izaskun Beunza eta Sergio Garcia de Eulate
-Bigarren sakandarrak: Ginesa Lopez eta Alberto Martinez
-Hirugarren sakandarrak: Leire Palacios eta Raul Audikana

Uharte Arakildarrak
-Lehen uhartearrak: Edurne Irañeta eta Eneko Cruz.

Larunbatean giro polita zegoen Uharte Arakilgo plazan. “Ongi etorri errefuxiatuak” leloarekin Sakanako Mankomunitateak antolatutako XVII. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia lasterketa jokatzekoa zen. Lasterketa antolatzeko Mank-ek Uharte Arakilgo Udalaren, Nafarroako Gobernuaren, Aralar Mendi elkartearen eta hainbat babesleren laguntza izan zuen. Arratsaldeko 17:00etan kategoria txikiko probak jokatu ziren, eta 18:00etan, berriz, Sakanako Herri Lasterketa. Proba Sakanako XIV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria zen. Abenduaren 8an Altsasuko Zubeztia elkarteak antolatuko duen Barricarteren XXXVII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak erabakiko du Kopa.

Aralar Mendi elkartekoek 4 km-ko zirkuitu ederra prestatu zuten Uharte Arakilen. Plazatik atera, Itsesiraino igo eta handik Katanga auzoraino jaisten zena, “Camino Viejo” delakotik Mendikoa kalera iritsi eta herri gunean bira bat ematen zuena. Kadeteek buelta bat eman behar zioten bideari eta juniorrek, seniorrek eta beteranoek, aldiz, bi buelta (8 km). 91 korrikalarik hartu zuten irteera eta 75ek lortu zuten proba despeditzea, 38 sakandarrek tartean.   

Lasterketa gorabeheratsu eta mugitua
Lasterketa oso mugitua izan zen, eta azken unera arte ez zen erabaki. Irungo Victor Madejón izan zen azkarrena (26:55), Daniel Martinez iruindarrari 4 segundo eta Jon Otermin urretxuarrari 17 segundo atera eta gero. Sergio Garcia de Eulate laugarrena sartu zen, 28 segundora, eta lehen sakandarra izan zen. “Azken metrotan erabaki da lasterketa, azkenera arte Martinez eta Oterminekin batera ibili baikara, baina, azken metrotan erasoa jo eta irabaztea lortu dut” aipatu zuen, helmugan, Sakanako Herri Lasterketan estreinatu zen 46 urteko irundarra. “Proba nahiko gogorra egin zait, oso gorabeheratsua baitzen, hasi eta Itxesiraino bitarteko ia km bateko igoera horrekin” gaineratu zuen Herrera, Astigarraga eta Egia bezalako herri lasterketak irabazi dituen korrikalariak.

Emakumezkoetan probaren eremu handi batean batera ibili ziren Izaskun Beunza olaztiarra eta Cabanillaseko Aitana Gil, baina Itxesiko bigarren igoeran bere burua ongi ikusi zuen Gilek, eta Beunzak ezin izan zuen Gilen erritmoa eutsi eta 800 eta 1.500 metrotan espezialista den Gilek irabazi zuen Sakanako Herri Lasterketa (31:48). Izaskun Beunza minutu pasara sartu zen (32:39) eta Pasaiako Ana Cruz sartu zen hirugarrena (33:03).

Sari ugari
Sari ematean bertako produktuak banatu ziren, Mendinueta harategiaren eta Uharte gazta ekologikoaren eskutik. Halaber, parte hartzaileen artean Lacturaleren esne kutxak, Peio Goikoetxea masajistaren hiru masaje, Mendikoa kafetegian bi pertsonendako afaria eta arkumea (Motxale) zozketatu ziren. Halaber, Errefuxiatuen Aldeko Martxan parte hartu zutenen artean bi kamiseta zozketatu ziren. Eta indarrak berreskuratzeko, ohiko auzateaz gain, Siriako jakiak –falafel eta beste– eta Marokoko tea, haragia eta gozoak dastatu ahal izan ziren, Uharte Arakilen bildutako korrikalari eta ikusleen artean arrakasta handia izan zutenak.

Errefuxiatuak gogoan
Atletismoa bulkatzeko eta Sakanako herriak ezagutarazteko antolatzen da Sakanako Herri Lasterketa, baina aurten berez kirol ekintza den honek eduki soziala izan zuen. Izan ere, Mank-eko Kirol Zerbitzuak eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak antolatu zuten lasterketa, “Ongi etorri errefuxiatuak” lelopean. “Lasterketarekin batera errefuxiatuen eta etorkinen gaia jorratu nahi izan ditugu, Mankomunitatean ere eurekin lan egiten baitugu. Lasterketa hasi baino lehen, Maksim Magoak ikuskizun polita egin du haurrendako, eta arratsalde guztian barna Sakanan errefuxiatuen gaia lantzeko aurten sortu den Sakana Harrera Harana taldearen eta Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile Bolondresen HELP.NA taldearen inguruko informazioa jarri ditugu stand batean. Talde hauek errefuxiatu eremuetan eta hemen egiten duten lana erakutsiko dugu. Milaka pertsonek bizi duten egoera latzaren berri eman nahi dugu” adierazi zigun Mank-eko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikari Bego Zestauk. Eta lasterketa abiatu eta bi minutuetara Errefuxiatuen Aldeko Martxa abiatu zen, “Ongi etorri errefuxiatuak” lelopean. Oinezko martxan parte hartu zutenek, lasterketako zirkuituari buelta bat eman zioten, 4 km guztira. Hogeiren bat pertsona animatu ziren.

Horretaz gain, lasterketa bukatzerakoan, ohiko auzateaz gain, Abdul Razak Alyusuf errefuxiatu siriarrak prestatutako jakiak eta Abderrahim Khlifi marokoarrak prestatutako marokoar jakiak dastatzeko aukera izan zen Uharte Arakilgo plazan, arrakasta handia izan zuena, eta Uharte Arakilgo tabernatan pintxo pote berezia izan zen; pintxo potetik jasotakoa errefuxiatu eta etorkinekin lan egiten duten HELP-NA eta Sakana Harrera Harana taldeei bideratu zitzaien.