Burunda klubak 2017ko denboraldiaren balorazio ona egin du

Guaixe 2017ko aza. 1a, 16:45

Azaroaren 24an batzarra izanen du Burunda klubak eta ondoren 2018ko denboraldia prestatzen hasiko dira

Urriaren hasieran despeditu zen 2017ko txirrindularitza denboraldia eta Burunda Txirrindularitza Klubeko idazkariarekin, Gorka Mintegirekin bildu gara balorazioa egiteko. “Urte ona izan da hau. Neska-mutilak gustura ibili dira eta hori da garrantzitsuena: txirrindularitzan trebatu daitezela, lagunak egin ditzatela eta txirrindularitzaren diziplina barneratu dezatela, txirrindularitza oso kirol sakrifikatua baita” nabarmendu du Mintegik.

Burunda Klubean 41 txirrindulari izan dituzte eskoletan, 4 kadete mailan eta 7 juniorretan. “Zenbaki horiei erreparatzen badiegu aurten 4 kadete genituen. Horrek erakusten du kadete hauek txikiak zirenean txirrindularitzak beheraldia izan zuela, krisi txiki bat. Baina egun, 41 txirrindulari ditugu eskolan; horrek erakusten du, gaur egun, osasun ona duela txirrindularitzak” azaldu digu Mintegik.

Eskoletakoek 32 proba
Eskola mailan apirila eta iraila bitartean 32 lasterketa izan dituzte neska-mutikoek. Burundako 40 txirrindulari horietatik 5 emakumezkoak dira. “Nafar Kirol Jolasetan aurrean egon gara; ginkanan eta lasterketetan ere lehen postuak ditugu. Hori positiboa da, baina guri interesatzen zaiguna neska-mutikoak eta euren senitartekoak ere gustura aritzea da. Ilusio asko izaten dute eta hori da garrantzitsuena. Ildo honetan, Nafarroako Federaziotik lasterketetako sariketak libre utzi ditu aurten; klub bakoitzak erabakitzen zuen sariak eman ala ez. Guk antolatutako 5 lasterketetan sariak eman ditugu, txirrindulariei ilusioa pizten dielako eta babesleendako ere interesgarria delako podiumeko argazki hori” aipatu du Mintegik. Halaber, gaineratu du haurren mailako Hugo Aznar eta Nahia Imaz Espainiako Txapelketetan aritu direla.

Kadeteetan sakandarrak jaun eta jabe
Kadete mailan Nafarroako lasterketetako protagonistak talde sakandarrak izan dira, Burunda eta Aralar txirrindularitza taldeak. “Sakanako bi taldeek dena jan dute. Aralar klubeko Igor Arrietak garaipen asko pilatu ditu, eta Aralarkoak eta Burundakoak izan ditugu, uda osoan, podiumaren goialdean. 35 lasterketa jokatu dituzte eta Burundakoek 4 lasterketa irabazi ditugu. Garrantzitsuenak aipatzearren, Unai Aznarrek Nafarroako erlojupekoa irabazi zuen eta Arabako Itzulian garaipen bat izan zuen eta Txuma Itzulian Iker Mintegik garaipena lortu zuen, tartean. Bestalde, Espainiako Txapelketetan Unai Aznar Nafarroako selekzioarekin aritu zen eta Jonathan Felix Vega Errioxakoarekin” azaldu digu Mintegik, kadeteen lanarekin kontentu daudela gaineratuz.

Juniorrek, bestalde, 42 lasterketa izan zituzten eta bi itzulitan lehiatu ziren. Koxka handia da hau, beste maila bat. “Asteburu gogorrak dituzte juniorrek, askotan bi lasterketekin. Ailetz Lasak garaipena lortu zuen Tafallan eta gure hiru txirrindulari Espainiako Txapelketetan lehiatu ziren, Ailetz Lasa Nafarroako selekzioarekin eta Juan Riaño eta Dani Izquierdo Errioxakoan” aipatu du Burundako idazkariak.

Azaroaren 24an batzarra eta 25ean bazkaria
Burunda Txirrindularitza Klubak azaroaren 24an urteko batzarra egingo du. 200 bazkide inguru ditu taldeak. Aurten eskoletako 5 lasterketa (Ziordian, Olaztin, Altsasun, Urdiainen eta Iturmendin) eta kadeteen eta juniorren mailako proba bana antolatu zituzten Altsasun. Babesle berberekin jarraitzen dute aurrera eta Altsasuko udalarekin hitzarmena eta Burundako gainontzeko udalen laguntza dute. Batzarrean urteko errepasoa egingo dute, txirrindulariei oroigarriak eta dominak banatuko dizkiete eta hurrengo egunean, azaroaren 25ean, Urdiainen bilduko dira bazkaltzera. “Eta ondoren 2018 denboraldia prestatzen hasiko gara. Kadeteak eta juniorrak ilbeltzean hasiko dira entrenatzen eta eskolakoak martxoan edo apirilean. Norbaitek Burundan txirrindulan aritu nahi badu, ccburundatxe@gmail.com postara idatzi dezala eta gurekin jar dadila harremanetan. Ildo honetan, taldean bizikletak ditugu, izena ematen dutenei hasiera batean uzteko; beraz, txirrindularitzan aritzeko ez dago aitzakiarik” nabarmendu du Mintegik.  

Burunda Txirrindularitza Taldea 2017

Eskolak (41):

Promesak (14): Xabier Curiel Peña, Izai Igeltz Irizar, Unai Gomez Lopez de Goikoetxea, Asier Flores Agirre, Markel Lizarraga Lopez de Goikoetxea, Alex Gonzalez Juanez, Ion Unai Gonzalez Mañeru, Aitzol Hernaz Iraola, Gabriel Gonzalez Juanez, Eneko Pinto Vicente, Ibai Galarza Zubiria, Ekaitz Zufiaurre Goikoetxea, Joan Lizarraga Senar eta Egoi Urtasun Etxeberria.


Hasiberriak (10): Ekaitz Perez Barrenetxea, Ekiñe Agirre Lopez, June Etxeberria Anton, Maider Ondarra Lopez, Ekain Imaz Perez, Hegoi Garcia Duran, Ohian Arregi Cano, Ohian Hernaz Iraola, Luken Zelaia Ganuza eta Izaro Ramos Santamaria.


Kimuak (9): Ion Aierbe Senar, Iker Begiristain Andueza, Pablo Senosiain Galarza, Iker Gomez Lopez de Goikoetxea, Asier Etxeberria Anton, Mikel Regil Fernandez, Aitor Barandalla Granizo, Mikel Lizarraga Senar eta Oier Agirre Lopez. 


Haurrak (8): Julen Guerrero Carrasco, Ander Villalobos Hernaz, Mikel Uncilla Aldasoro, Unax Trevejo Rodriguez, Nahia Imaz Perez, Ohian Etxeberria Anton, Ion Chamorro San Martin eta Hugo Aznar Vijuesa.
Entrenatzaileak: Ismael Perez Auzmendi eta Gorka Mintegi Mazorriaga



Kadeteak (4):
Unai Villalobos Hernaz, Iker Mintegi Claver, Unai Aznar Vijuesa eta Jonathan Felix Vega Barrio. Entrenatzaileak: Ion Irigoien Fresneda eta Eneko Vilar Sisamon. 



Juniorrak (7):
Josu Jaka Parrizas, Ailetz Lasa Lizarraga, Mateo Gonzalez Torres, Iñigo Fernandez Martinez, Hodei Zia Lopez, Daniel Izquierdo Saenz-Torres eta Juan Riaño Lopez. Entrenatzaileak: Tomas Martinez Viedma eta Aritz Irigoien Fresneda.