Ez badugu errefuxiatuekin hitz egiten, hilko ditugu

Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzua 2017ko aza. 2a, 08:03

kolaboratzaileak

Nola jokatzen dugu gizakiok ezezagunaren aurrean?

Beldurra munduko armarik indartsuenetakoa da, gaur egun. Politikoek erabitzen duten arma, jendea kontrolatzeko, eta auzokidea kontrolatzeko. Auzokoa ongi ezagutzen ez dugunean, beldurra proiektatzen dugu berarengan. Hezkuntza arazoa da azken finean, hortaz, hezkuntzaz arduratzen diren politikariak behar ditugu.

Gero eta errefuxiatu, migratu, eta desplazatu gehiago dago munduan. Eta haiekin hitz egin behar dugu, komunikatu behar dugu, bestela, hilko ditugu. Heriotzatik ihes datoz, jarraituak direlako, ez dutelako hil nahi, haien lurraldeetako agintarien aurrean ahulak direlako. Eta guk, dakartena, eta datozenak entzun ordez, harresiak sortzen ditugu, zurrumurruak, poliziarengana bidaltzen ditugu berbidal ditzaten… Solidarioak izan behar genuke haiekin, zaindu beharko genituzke, pertsona hauek haien sufrimenduarekin bukatzeko premia dutelako.

Munduko gizaki guztiak konektatzen dituena, sentimenduak eta emozioak dira. Izan ere, komunikazio egoki batek ekarriko du bakea gizakien artean eta munduan. Kanpotik datozenak, iheslariak, errefuxiatuak eta pertsona migratuak, modu ezezagun eta desberdin batean garatu diren gizakiak dira. Ez dira mamuak, desberdinak soilik. Bidea ez da erraza izango, baina bakerako bidea bilatu behar da, bestea onartzeko modua, harengana hurbiltzekoa sentimendu eta emozio onez, berarekin egoki komunikatzeko bidea. Bakea lortzekoa. Elkar ulertzekoa.

Bilboko portuan berriki eraiki den harresia altxatu ordez, debeka dezagun berriro tonaka arma ateratzea Bilbotik bertatik (10.000 tona arma 2016an), gerran dauden lurraldeetan salduko direnak. Gertakizun horiei izan behar diegu beldurra, hori onartzen duten politikariei, eta ez heriotzatik ihesi datozen gizakiei. Hori bultzatzen dutenak dira benetazko mamuak, eta ez sufrimendua pairatzen duten zu eta ni bezalako pertsonak.