Herritar maiteak!
Zer moduz? Gutun labur honen bidez herritarrak agurtu nahi ditut lehenbizi. Ez dira alferrik pasa urteak! Dagoeneko hamar urte daramatzat estatu frantziarreko ziega ilun hauetan gatibu eta herritarren elkartasun eta maitasunak urte guzti hauetan indartsu eta tinko eusteko ezinbesteko izan dira. Bijoakizue, beraz, lehenik nire esker ona eta begirunea!
Gatazkaren konponbideak itxi gabeko ondorioak ditu oraindik orain. Ehundaka gara estatu espainiarreko zein frantziarreko kartzeletan sakabanaturik eta eskubide oro ukatuz gauzkaten euskal herritarrak. Zer esanik ez iheslariak, munduan barrena dabiltzanak! Ezingo da benetako bakerik eraiki, bizikidetzan aurrerapausurik eman, kartzelan eta erbestean euskal herritar bakar bat dagoen artean.
Abenduaren 9an Parisen antolatu den mobilizazioaren berri izan dut. Estatu frantziarrari, Euskal Preso Politiko guztien askatasuna lortze bidean, ezartzen digun salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea exigitu nahi zaio. Bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditut etxarriar zein sakandarrak. Abenduaren 9an DENAK PARISERAT!
Besarkada iraultzaile bat eta eutsi goiari!