Integrazioaren alde, 30 urteko bidea Sakanan

Iñaki Berasategi Goikoetxea 2017ko aza. 2a, 08:42
Lakuntzako Tasubinsa lantegian 30 urte egin duen bederatzikotea. Argazkia: Tasubinsa.

Lakuntzan dagoen Tasubinsako lantokiak 30 urte bete ditu ezgaitu intelektualak gizartean eta lan munduan integratzen laguntzen. Sakanako zein Nafarroako enpresen lanak azpikontratatuz jarduten dute, eta azken bi urteak onak izan dira lan ikuspegitik. Dena den, 30 urte hauetan egoera asko aldatu da, eta garai batean ez bezala, Sakanako zein Nafarroa osoko enpresen lanak azpikontratatzea beharrezkoa da egitura mantentzeko.

“Tasubinsa nire etxea da”. Lakuntzako lantokian aritzen direnek Tasubinsa eurentzat zer den adierazteko egin duten mural batean agertzen den esaldietako bat da. Lan egiteko leku bat baino gehiago baita bertan aritzen direnentzat: babestuta sentitzen diren eremua da, euren arazoendako konponbideak ematen dizkiete eta integraziorako funtsezko elementu da eurentzat. “Tasubinsa bitartekari bat da. Gizartean eta lan munduan integratzea, beste edozein bezala bizitzea eta errealizatuak sentitzea laguntzen duen bitarteko bat gara. Hori da Tasubinsa niretako”, nabarmendu du Peio Razkin Lakuntzako Tasubinsa lantokiko arduradunak.

Nafarroako Gobernuak eta Anfas elkarteak 1987an sinatutako akordio batean ostean sortu zen Tasubinsa. Hala ere, aipatzekoa da, Lakuntzako lantokiak -900 metro koadroko lantegia- ordura arte martxan zegoen Altsasuko hezkuntza bereziko gela ordezkatu zuela 1987an: 1985era arte Lakuntzako Lanbide eskola izan zen eraikinean kokatu zuten gaur egungo lantokia. Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lizarraga, Unanu eta Dorraoko udal eta kontzejuena da eraikina, eta mugagabeko alokairuan dauka Tasubinsak.

Nafarroa osoan 14 lantoki ditu Tasubinsak; Arazurin, Beriainen, Burlatan, Elizondon, Sanduzelain, Noainen, Orkoienen, San Adrianen, Zangotzan, Orkoienen, Tafallan, Tuteran, Villatuertan eta Lakuntzan. 1.400 pertsona baino gehiagori lana eta okupazioa eskaintzen zaie, eta horietatik 1.200ek mota bateko edo besteko ezgaitasunak dituzte.

Lakuntzako lantokian 33 pertsona aritzen dira, hiru hezitzaileren zaintzapean. Lantoki guztietan, bi multzotan banatuta daude pertsona guztiak: batetik, lan modalitatekoak eta, bestetik, zerbitzu okupazionaleko taldekoak. Lan modalitatekoak bakarrik lanean aritzen dira, baina bigarren multzokoek lan arloari lotutakoak ez ezik, beste mota bateko ekintzak ere egiten dituzte, hezitzaileekin, terapeutarekin, psikologoarekin edo langile sozialarekin. “Esaterako, gazta egiten duten hainbat enpresatan egon dira, Panasan ogia nola egiten duten ere ikasi zuten, edo Araian dagoen Nestle enpresan ere bisitan egon ginen. Horretaz aparte, txangoak eta beste mota bateko ekintza xumeagoak egiten ditugu lantokian bertan dugun gelatxo batean”, gaineratu du Razkinek. Ekintza horiek egitea gustatzen zaien arren, Razkinek aitortzen du ekintzak tartekatu egin behar izaten dituztela, lantokian daudenek lanean egon nahi dutelako batik bat.

Astean behin, psikologo bat, terapeuta bat eta langile sozial bat hurbiltzen dira lantokira, eta bi astez behin hezitzaileekin batera bilera egiten dute, gertaeren berri jakin, estrategia zehatzak diseinatu edo jarraipenen datuak partekatzeko, besteak beste. Lantalde horrek, bakoitzak bere esparrua badauka ere, lantokian dauden pertsona guztien profil bat egiten du, langile bakoitzak dituen gabeziak zehaztuz: sozialak, psikologikoak, edo beste mota batekoak. Balorazio horien arabera, eta lantaldearekin batera, estrategiak diseinatzen dira. Hori ez ezik, astean behin etortzen den lantalde horrekin ere ekintza bereziak egiten dituzte, adibidez, sukaldaritza tailerra.

Sakanako lantokiari dagokionez, 11 pertsona daude lan modalitateko taldean eta beste 22ak zerbitzu okupazionaleko taldekoak dira. Hala ere, 22 horien artean, badaude 2 lan modalitatera jauzia eman dezaketenak noizbait Razkinek dioenez: “Pertsona bat Tasubinsan sartzen denean aditu talde batek baloratzen du nolako gaitasunak dituen, eta talde batean edo bestean sartzen dute. Hala ere, hezitzaileek egiten dugun jarraipena dela eta, ikusi dezakegu lan modalitatean dagoen bat ez dutela ongi baloratu, edo zerbitzu okupazionaleko taldean dagoen batek lanerako balio duela”.

Duela bost urte bezalaxe, egun ere 33 pertsona ari dira Lakuntzako lantokian. Kopurua aldatu ez bada ere, kasualitate hutsa da. “ Bizpahiru jubilatu egin ziren, bi hil egin ziren eta beste batzuk etortzeari utzi zioten hainbat arrazoirengatik. Latasa, Oskoz eta Lekunberriko langile bana ditugu, eta gainerakoak Sakanakoak dira”, azaldu du Razkinek. 1990ko hamarkadan, Iruñean orain adina lantoki ez zegoenean, Lakuntzako lantokian 45 pertsona ere aritu zirela gogoratu du Razkinek, horietatik hogei, Nafarroako hiriburutik etorritakoak.

Izen emanda dauden pertsonen kopurua aldatu ez bada ere, Lakuntzako lantokiarekin lan egiten duten enpresen zerrenda aldatzen joan da urteekin Razkinek azaldu duenez: “Lehenengo urteetan Sakanako Isphording, Arfe eta Ufesarekin genituen akordioei esker lan asko genuen. Nahi baino gehiago ia. Hiru enpresak itxi egin zituzten, eta urte asko kanpora begira jarri gabe egon ostean, Tasubinsako beste lantoki batzuetatik lana ekarri behar izan genuen”. Gaur egun, Sakanako hiru enpresarekin azpikontratatuta ditu lanak Lakuntzako lantokiak: Mekalde eta Aeroled arbizuarrak eta Altsasuko (Isphording kooperatiba bihurtu ostean sortutako enpresa). Horretaz aparte, BSH, Shneider Electric eta Frenkitentzat ere ari dira lanean. “Beste enpresa batzuk gutxietsi gabe, Tasubinsako zutabeak izan dira  BSH eta Shneider Electric enpresak. Etorkizuna bermatu duten enpresak izan dira”, esan du Razkinek. “Beste lantoki batzuetatik ekarritako lanari esker ez dugu krisia hainbeste nabaritu. Hori izan da izan dugun zorterik handiena”.



Krisia gainditzen
Urte txarrak pasa ostean, azken bi urteak “oso onak” izan direla dio Razkinek: “ 2009 eta 2010 urtean ia seguru nago galerak egon zirela. Ez zegoen gastu guztiei eusteko adina lan. Orain, ordea, egoera onean gaude. 2015 eta 2016a oso onak izan dira eta aurten ere ongi ari gara”. Eta datuek ere halaxe adierazten dute. Izan ere, Tasubinsa %2,1 hazi zen 2016an, 20,07 milioi euro fakturatuz;  alor industrialeko lanetatik 16,02 milioi, garbitegi industrialaren jardueratik 2,67 milioi, 920.000 euro zerbitzuetatik eta 461.000 euro logistikatik.

Lakuntzako lantokiarekin hitzarmena zuten enpresak aldatzen joan diren neurrian, bertako lana ere zertxobait aldatu dela dio Razkinek: “Lan gehiena manuala, mekanikoa da. Piezak egin, piezak poltsetan sartu, muntai txiki batzuk egin. Bezeroaren arabera aldatzen da gure lana, eta jendearendako aberasgarria da. Hasieran, agian, formazio berri hori ondo barneratzea kostatzen da, baina aldaketa horiek onak izaten dira”. Hori ez ezik, lan bat edo pieza bat egiteko enpresa baten eta Tasubinsako lantokien modua ez da beti berbera, eta batzuetan, ez beti, lan egiteko modua langileen arabera egokitu behar dutela argudiatu du Razkinek: “Batzuetan enpresan egingo luketen bezala egiten dugu, baina beste batzuetan, lana errazte aldera, prozesua fase gehiagotan banatzen dugu. Gure bitartez ikasten dute lana nola egin behar den”.  Hezitzaile eta profesionalen lana, baina, ez da horretara mugatzen: “Lana egiteko moduak irakastearekin batera, lantokian dauden pertsona guztiak ahal dugun esparru guztietan zaintzea eta laguntzea ere bada gure egiteko nagusietako bat”.

Aeroledekin azpikontratatutako lana da momentu honetan Lakuntzako lantokian dagoen jarduerarik nabarmenena: Led foku baten muntaia osoa egiten dute. “ Gainontzeko lanekin alderatuta, desberdina da. Bi pertsona aritzen dira lan horretan, gaitasun handiena duten bi langileak”.
Normalean, 25 urterekin sartzen da jendea Tasubinsan Razkinek azaldu duenez: “18 urterekin sar daitezke, baina ohikoena 25 urte bete arte Isterria bezalako hezkuntza bereziko ikastetxeetan aritzea da. Gure lantokiari dagokionez, 25 urte dituztenak dira gazteenak, eta zaharrena 63 urte dituen langile bat da. Lantokia zabaldu genuenetik gurekin dauden pertsonak ere badaude, Lakuntzan 30 urte daramatzatenak, Mercedes, esaterako”.

Egunero, astelehenetik ostiralera, goizeko zortziak eta hogeian sartzen dira lanera. Tasubinsak azpikontratatutako garraio zerbitzuaren bidez joaten dira denak lantegira. Goizeko hamarrak aldera gosaltzeko ordu laurden izaten dute eta eguerdian bazkaltzeko ordu erdi izaten dute lan modalitatean aritzen direnek. Gainontzekoek, bazkaltzeko denbora gehiago har dezakete. Hala, arratsaldeko lau eta erdietan amaitzen da lantokiko jarduera. Razkinen esanetan, lantokira joaten diren guztiek oso ongi barneratuta dute langilearen papera: “Guztiek lanera joan nahi dute. Euren senideek egiten duten bezala, eurek ere lanera joan nahi dute, soldata bat kobratu. Kobratu nahi dute, baina batzuk ez dira jabetzen zehazki zenbat irabazten duten, ez dute hori baloratzen. Langile sentitzen dira, eta jendeari erakutsi nahi izaten diote nola lan egiten duten”.

Hori horrela, Lakuntzako lantokian aritzen diren guztiak dituzten lan baldintzekin eta eremuarekin “gustura” daudela nabarmendu nahi izan du Razkinek: “Langile baten exijentzia duten arren, babestutako eremu batean daude eta oso gustura sentitzen dira”. Hain gustura daude bertan aritzen direnak, noizbait kanpoko enpresen eskaintzei uko egiten diete. “Enpresa batek langileak behar zituen, eta gure lantokian zeudenen artean egokienak zirenak bilatu, hautatu eta aukera proposatu nahi genien. Inork ez zuen nahi izan aukera hura hartzea. Tasubinsak beti itzuli nahi duenarentzat ateak irekita izango ditu”. Kontrako bidea hartzen dutenak ere gutxi dira. Hots, urte asko lanean eman ondoren Tasubinsan lanean hasi nahi dutenak, kasu isolaturen bat baldin badago ere.



Beste behar batzuk
Lan munduan integratuta sentitzea ez ezik, gizartean integratua sentitzeak eta aisialdiak ere berebiziko garrantzia dute. “Alor horretan, arazo handiak dituzte. Bakoitza herri batekoa da, eta batera ibiltzea oso zaila da. Altsasun horrelako ekintzak antolatzen dira, baina gainontzeko herrietan ez dago behar hori asetzeko aukerarik”, nabarmendu du Razkinek. Egoera horretan, oso garrantzitsua da Sakanako Mankomunitateak Arbizuko kiroldegian antolatzen dituen igeriketa eta gimnasia ikastaroak: “Tasubinsak azpikontratatutako garraioa erabiltzen dute, eta familiei ez zaie ezer kobratzen. Oso aukera ona da beraiendako”.

Dena den, Razkinen arabera, Sakanako lantokira jendea erakartzeko duten arazorik handiena etxebizitza tutelatuen falta da: “Zangozako lantokian hiru sakandar daude, hemen bizitzeko aukerarik ez dutelako. Aspaldidanik egiten ari garen eskaera bat da. Zaintza bereziak egiten dizkieten pertsonak behar dituzte batzuek”.