Miren Gorrotxategi idazlearena da 33 ezkil (2016, Elkar) nobela. Liburua irakurtzeko eta gero sortutako inpresioak eta iritziak idazlerekin partekatzeko proposamena egin dute. Literatur solasaldi hori abenduaren 19an, asteartean, 09:30ean, izanen da, Altsasuko Iortia kultur gunean. Saioa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, AEK-ko Itsasi euskaltegiak eta Sakanako Mintzakidek antolatu dute.
Gorrotxategiren aurreneko liburua da hizpidea emanen duena. Guztia Garizmendi baserriko Ferminek, aitzurrean ari dela, lurperatutako burezur bat topatzean hasiko da. Nestor semeari hots eginen dio eta horrek Berta andregai ohi arkeologoari; hilotz hori ateratzera doazenean baina, desagertua da eskeletoa. Hortik aurrera, berriz, hildako gehiago, eta misterioa gero eta ilunago. Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, bikote barruko konpondu ezinak, droga, jokoa… Osagai horiek eta gehiago topatuko dituzu eleberri beltz horretan.