Ikasketa-Zerbitzuko Espainiako Sareak, Educok eta Edebek antolatutako Ikasketa-Zerbitzu Sariak abenduaren 1ean banatuko dira L´Hospitalet de Llobregaten. Sakana Lanbide Heziketako (LH) bi irakasle eta bi ikasle LHko Elkartasuna eta Giza Eskubideak mailako saria jasoko dute. 48 proiektu aurkeztu ziren eta Sakana LHren Kooperazioa, gure nortasun ikurra egitasmoak epaileei “izugarri gustatu zaie, “hezkuntza kalitateagatik eta gizartean eta komunitatean duen eraginagatik”. Joan den urtean, 17. sailkatu eta finalistak izan ziren. Bartzelona ondoko hirira joanen diren sakandarrek euren esperientziaren berri eman eta 2.000 euroko saria jasoko dute.
LHko ikasleek ikasketa prozesuan trebetasun eta ezagutza teknikoak jasotzen dituzte. Baina haiek praktikara eraman behar dituzte ere. Praktika profesional horietan egindako lana komunitateari zerbitzua emateko baliatzea, haren aldeko zerbait egitea da ikasketa-zerbitzua. Sakana LH institutuan soldadura eta galdaragintza gradu ertaineko ikasleak hasi ziren 2015-2016 ikasturtean. Iturmendiko Arrano Beltza eskola berrirako bizikletak aparkatzeko hiri-altzaria egin zuten. Baina horretarako, lehenik, iturmendiarrekin elkartu behar izan zuten, haien eskaerak eta nahiak entzun, lana egin ahal izateko. Horrela, ikasitakoa praktikatzeaz aparte, ikasleek beste gaitasun batzuk landu zituzten: ekimena izatea, talde lana eta adierazkortasuna. Hain zuzen, halakoak dira enpresek langileei eskatzen dizkietenak.
Lanbide Heziketako tailerrean proiektua azaltzen.
Bultzada
Lehen esperientzia hura positiboa izan zen eta institutu guztia ikasketa-zerbitzu proiektuaren barruan sartzea erabaki zuten. Hezkuntza Departamentuan euren asmoa aurkeztu eta onartua izan zen. Horrela, praktiketan erabiltzeko materiala lortu dute eta ikasketa-zerbitzuaren bidez komunitatearendako "gauzak txikiak" eginez segitu dute.
Berta De Pablo irakasleak azaldu digunez, ikasturte honetan ere dinamika berarekin segitzen dute. LHko soldadurako 2. mailako ikasleak joan den urtean Altsasuko ikastetxe guztiengana zuzendu ziren eta hiri-altzarien premia zuten edo ez galdetu zieten. Haiek soldadura praktikak komunitateari zerbitzua eskaintzeko erabiliko zutela azaldu zuten. Lan poltsa bat lortu zuten eta Altsasuko Zelandi eskolarako lorategi bertikal bat egiten hasi ziren. Aurreko ikasturtean hasitako lanak honakoan despedituko dituzte. Beste eskolekin, Altsasu institutuarekin eta Josefina Arregi klinikarekin harremanetan daude. Gainera, Sakana LH instituturako mahaiak, internet sare eta argiteria berritu dituzte. De Pablok gaineratu duenez, sariko dirua “modu berean lanean segitzeko erabiltzeko, gainontzekoei zerbitzua ematen segitzeko” erabili nahiko luke.
Lanbide Heziketako ikasleak Lakuntzako eskolako ikasleekin.
Baina soldadurako ikasleez aparte mendi ertaineko gida gradu ertaineko, industria-mekatronika goi-graduko eta Oinarrizko LHko merkataritza zerbitzuko ikasleek ere ikasketa-zerbitzua praktikan jarri dute. Azken horiek, esaterako, institutuaren barruan taberna bat antolatu dute eta ogitartekoak eta hainbat produktu salduz ikastetxean gabezia bati erantzuna eman zioten, tabernak eta ikastetxetik urrun baitaude. Mendi ertaineko graduko ikasleek Oinarrizko LHko ikasleendako ginkana antolatu zuten basoan eta aste bateko iraupena izan zuen jarduera ere.
Lanbide Heziketako ikasleak ginkanan parte hartzen.
Berdintasun plana
Sakana LH institutuak hezkidetza jarduerak antolatzen ditu Emakumeen Egunerako eta Emakumenganako indarkeriaren kontrako egunean. Aurten, gainera, Hezkuntza Departamentuak Berdintasun Plana ezartzeko 17 ikastetxe pilotuetako bat izateko aukeratu du. Departamentuaren asmoa da halako planak sare guztira 2018an zabaltzea. Bitartean departamentuak bi urtean behin banatzen dituen hezkidetza sariak egiten hasi dira LHn. Hain zuzen institutu atean dagoen eskulturaren errepika txikiak egiten ari dira ikasleak.