Tokiko produktuen kontsumoaren onurak ikastetxeetan

Guaixe 2017ko aza. 3a, 09:33
Lakuntzako kultur etxean egin zen haur elikadurari buruzko jardunaldia. Argazkia: Sakanako Garapen Agentzia.

Sakanako ikasleendako nutrizio aldetik dituen onurak eta ibarreko ekonomian duen eragina aztertu zuten, Iruñeko Udalaren esperientzia ezagutzearekin batera. Tokiko produktuekin menu osasungarriak egiten ikasteko aukera dago orain.

Lakuntzako kultur etxean 35 pertsona elkartu ziren lastailaren 25ean. Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Sakanako Eskola Txikiek jardunaldia zen eta bertaratuek Gure haurren elikadurarekin zer? Galderari zein erantzun emanen zioten jakin nahi izan zuten. SGAko elikadura arduradun Oskia Gorostiaga San Sebastianek azaldu digunez, hiru ikuspegitatik landu zen gaia. Lehenik, Arrea agroekologia elkarteko Ainara Morenok bertako produktuen kontsumoak ingurumenean, ekonomian eta gizartean duen eragina azaldu zuen.

Ana Carmen Huartek, Xalok-eko dietista-nutrizionistak tokiko produktuak jatearen onurak azaldu zituen. Eta, bukatzeko, Iruñeko Udal Haur Eskoletako gerente Alfredo Hoyuelosek haien ereduaren berri eman zuen. Izan ere, Iruñeko Udalak haurrendako tokiko produktu ekologikoz osatutako elikadura eskaintzen hasi da eta azalpenak eman zituen.

Gorostiagak azaldu digunez, ikastetxeetako jangelak tokiko ekoizleak eta tokiko ekonomia sustatzeko aukera izan daitezke. Gaur egun ibarreko jangelez catering enpresak arduratzen direla azaldu digu. Baina gaiarekiko kezka badagoela gaineratu du: “Arbizuko eskolan hamaiketakoan bertako produktuak ematen hasi nahi zuten eta hortik sortu zen jardunaldia antolatzeko aukera”. Entzundakoa ikastetxeekin bat egiten duen aztertu beharko dute orain gurasoek, ikastetxeek eta ekoizleek, eta, ondorioz, jangela beste ikasgai bat bihurtzen den.  

Sentsibilizazioa
Aipatu jardunaldia eta aurretik umeen elikaduraz egindako saioa helduei zuzenduta bazegoen ere, SGA Sakanako ikasleak bertako produktuen garrantziaz sentsibilizatzeko tailerrak antolatu ditu. Mamia edota gailetak nola egiten diren ikasi dute ikasleek bertako ekoizleekin.

Menu osasungarriak
Tokiko produktuak egunero erabiltzen animatzeko eta horiek nola prestatu ikasteko SGAk jardunaldia antolatu du astearterako: Sakana dastatuz, sukaldaritza osasungarria bertako produktuekin. Ana Carmen Huarte dietista-nutrizionistak emanen du saioa Etxarri Aranazko Xalok-en. Asteartean, 18:00etan hasiko da. Parte hartu nahi duenak ogorostiaga@sakanagaratzen.com e-postan eman behar du izena.