Bakarlarien laguntzaz obrak mustuko ditu Haize Berriak bandak

Guaixe 2017ko aza. 3a, 08:38

Aurrenekoz bi pieza joko ditu Sakanako musika bandak eta Oskar Musso konposatzailearen beste lan bat mustuko du. Haize Berriak bandak Naiara Ijurko piano-jolearekin eta Eduardo Canto biolin-jolearekin batera ariko da larunbatean.

Haize Berriak bandak aurten 20 urte bete ditu. Bere ibilbidean Sakanako bandak musika sorkuntza buruan izan du eta hainbako konposatzaileren lanak mustu ditu. Horren beste adibide bat eskainiko du bihar Musikaren bidetik kontzertuarekin. Izan ere, Rincones de Sevilla obra mustuko du Haize Berriak bandak. Oskar Musso konposatzailearen biolin, piano eta bandarako lana da. Sakanako bandako 36 musikariek Naiara Ijurko (pianoa) eta Eduardo Canto (biolina) bakarlarien laguntza izanen dute larunbateko emanaldian.

Luis Orduña zuzendariak azaldu duenez, obra bi ataletan banatzen da. Melodiagatik eta erritmoagatik andaluziar ukitu nabarmena duten temak ageri dira bietan, Sevillako Joaquin Turina konposatzaileari omenaldi egiteko haren musika hizkuntzara hurbilduz. Tema diren doinuak inprobisazio kutsua duten beste pasarteekin kontrastea egiten dute. Obran jasotako temek konposatzaileak Sevillan bizi izandako sentipenak islatu nahi dute.

Bi berri
Ijurko eta Canto bakarlariak aldamenean dituela baliatuta, Haize Berriak bandak bere errepertorioa zabaltzeko baliatuko du eta aurretik sekula jo ez dituen bi obra joko ditu: Pablo Sarasateren Fantasía Carmen eta George Gershwinen Rhaspsody in blue. Aurrenekoari dagokionez, Georges Bizetek 1875ean mustu zuen Carmen opera. Baina ez zuen berehalako arrakasta handirik lortuko, gerora baizik. Zortzi urteetara, 1883an, Sarasatek Bizeten pasarteekin osatu zuen fantasia hori. Aurretik sortzaile nafarrak antzekoak eginak zituen Verdi, Rossini edo Gounoden lanekin. Bigarrenari dagokionez, Gershwinen aurreneko lan sinfonikoa da eta Amerikako Estatu Batuetako bertako sinfonia-musikaren sorrera da. Bluesaren, jazzaren eta beltz espiritualen elementuak ditu. Paul Whiteman zuzendariaren enkarguz idatzi zuen, banda eta pianorako.

Kontzertua Joaquin Turinaren Sonata nº 2 en sol, Op. 82. Sonata Españolak zabalduko du. Biolinerako sortutako obra da , 1934koa. Sevillako konposatzaileak Parisen jasotako hezkuntza eta Sevilla sorterriko erroak uztartu zituen.


Konposatzailea
Oskar Mussok Granadako kontserbatorioan konposizio ikasketak egin zituen eta 2006an lortu zuen goi-konposizioa. Tuba espezialitateko titulu profesionala, Granadako Unibertsitateko Fisika Zientzien lizentziatura eta Madrilgo Juan Karlos Erregea Unibertsitateko Musika Sormen eta Interpretazio masterra ere baditu. Gaur egun Granadako goi-kontserbatorioko musika-analisi irakaslea da, aurretik Kordobako eta Sevillakoan izan da irakasle. Hainbat konposizioren egile, haietako asko mustuak izan dira. Gainera, konposizio sari eskuratu ditu.


Bakarlariak
Naiara Ijurko
Uhartearra Etxarri Aranazko musika eskolan hasi zituen musika ikasketak eta hari segida Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalean eman zion segida. Han Jan Maarten Van de Markekin pianoa ikasi zuen. Musika goi ikasketak Musikenen despeditu zituen. Donostian Emmanuel Ferrer Laloeren piano eskolak jaso zituen eta Ricardo Descalzo irakaslearekin errepertorio garaikidean  espezializatu zen.

Balear uharteetako musika garaikideko S´ensembleko kide izanik Espainiako auditori garrantzitsuetan kontzertuak eman zituen, Tartean Madrilgo Auditorio Nazionaleko ganbera gelan bakarlari aritu zen.

Nafarroako Gobernuaren beka jaso zuen 2011n eta bere ezagutzak Holandako Groningen hiriko Pins Claus Conservatoriumen zabaltzeko aukera izan zuen. Piano irakaslea Paul Komen izan zen eta klabearena Johan Hoffman. Akonpainamenduko espezialitateko master ikasketak Maastrichteko kontserbatorioan egin zituen Jeroen Riemsdijkirekin. Gaur egun ganbera musikako interpretea izateaz aparte Bartzelonako Liceu kontserbatorioko irakaslea da.

Eduardo Canto
Mexikoko Merida hirian jaioa, Alejandro Pinzon Espadas irakaslearekin hasi zen biolina jotzen ikasten. Carlos Marrufo Gurrutiarekin trebatzen segitu zuen. Groningengo Pins Claus Conservatoriumen Kati Sebestyenekin lizentziatura ikasketak egin zituen. Maastrichteko kontserbatorioan interpretazioan maisutasuna azalduz cum laude graduazioa lortu du berriki, Robert Szreder eta Piotr Jasiurkowski maisuak gidatuta.

Bakarlari gisa Yucatango Orkestra Sinfonikoarekin, Yucatango Gazte Orkestra Sinfonikoarekin eta Merida hiriko Ganbera Orkestrarekin aritu da.

Naiara Ijurko piano-jolearekin batera Canto-Ijurko bikotea osatzen dute eta Espainian, Belgikan, Frantzian, Mexikon eta Holandan kontzertuak eman dituzte. Canto Quartet laukoteko kidea da ere eta aurreneko biolin moduan aritu da Holandan, Espainian, Hungarian, Frantzian eta Bostia-Herzegovinan.

Egitaraua
Obra                                                                 Egilea
Sonata nº 2 en sol, Op. 82. Sonata Española      Joaquin Turina
I. Lento
II. Vivo
III. Adagio
IV. Allegro moderato

Fantasía Carmen, Op. 25                                  Pablo Sarasate
I. Aragonesa
II. Habanera
III. Interludio
IV. Seguidilla
V. Danza bohemia


Rhapsody in Blue                                           George Gershwin
                                                                    Orkestrazioa: Felipe Vicente Manresa

Rincones de Sevilla. Homenaje a D. Joaquín Turina. Oscar Musso
Fantasía para violín, piano y Banda de Música.
I. Paseando por Sevilla
II. Entre parques y plazas
III. Saeta
IV. Atardecer frente a la Giralda
V. En el Guadalquivir
VI. En Triana

Emanaldia eta entsegua
Larunbateko 19:30eko Altsasuko Iortia kultur guneko kontzerturako ez dago sarrerarik. Baina 13:00etako entsegu orokorra sartzeko aukera izanen. Bi euro pagatu beharko dira, baina bandako bazkideendako sarrera doakoa da.