Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun eskualdeetan aritzen diren medikuak lan saturazioa dutela gaztigatu dute. Hainbat hilabete daramate gehiegizko lan kargarekin haiek ordezkatzeko ez baitago bestelako medikurik. Beraz, mediku batek oporrak, baja edo baimena hartzen duenean, ordezkorik ez dagoenez, osasun etxeko beste mediku batek ordezkatu behar du. Udan atsedena hartzeko aukerarik ez dutela izan azaldu dute. Orain, udazkenarekin eta neguarekin, lan karga handitu egiten zaie. Medikuek diote haien egoera “kritikoa” dela.
Ordezko mediku faltarako hainbat dira arrazoiak. Batetik, azaro akaberan oposizioak daude eta medikuak haiek prestatzen ari dira. Bestetik, Euskadiko edo Errioxako osasun zerbitzuek eskaintzen dituzten lan baldintzak hobeak dira eta medikuek haietara jotzen dute. Gainera, jubilatzea aurreikusia dagoen mediku kopurua baino askoz gutxiago daude. Iruñerrian Lehen Arretako mediku postuak sortu dira eta libre zeudenek hara jo dute. Ondorioak, esandako lan saturazioa, batetik, eta prestakuntza saioetara joateko ezintasuna, bestetik. Medikuak bezala, pediatra eskasia ere handia da aspaldi. Erizainen kasuan ez da halakorik gertatzen eta ordezkoak kontratatzeko ez dago arazorik.
Lehen Arretako zerbitzua Osasunbidearen oinarri bilakatzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Horrek gure medikuendako lan karga gehiago esan nahi du: etxeko ospitalizazioa, kolon minbizia atzemateko kanpaina, ekografiak egitea, gaixo kronikoei arreta eta beste. Guztiaz kexu asteburuan Nafarroako prentsan gutuna argitaratu zuten ibarreko eta beste osasun eskualdeetako medikuek.
Asteartean bilera izan zuten Osasunbideako ordezkariekin Altsasuko osasun etxean. Gobernuko ordezkariek ordezkorik ez dagoela berretsi zieten, beste proposamenik ez zuten egin. Medikuek lan baldintza hobeak eskaintzen ez dituztelako dela gaztigatu zuten. Gertatzen ari dena izotz-mendiaren punta dela adierazi zuen. Konponbiderik ez dute jasotzen. Bitartean osasun eskualdeetan mediku gutxiagoren artean zerbitzuari eusten ari zaio. Baina ez dakite noiz arte jasango duten egoera.
Zaintza
Medikuen lanaldia 08:00etatik 15:30era da. Baina zerbitzuen beharrengatik zaintza egitea dagokie aldian behin. Hau da, 15:30etik hurrengo eguneko 08:00etaraino lanean daude, zer gerta ere. Etxarri Aranatzen arratsaldez lana egiten dute, baina gauez gutxiago. Altsasun, ordea gauez badute lana medikuek. Badirudi Altsasuko osasun etxea handitzean (ekografiak, erradiologia, UVI mugikorra, analitiko lehorrak) handik artatuko lituzketela Etxarri Aranazko osasun eskualdeko gaueko larrialdiak, 20:00etatik edo 22:00etatik aurrerakoak. Baina hori ere ez dago argi, informazio garbirik ez dutelako kexu dira medikuak.
Osasun eskualdeak
Irurtzun
Irurtzungo osasun eskualdeak Arakildik Arruazuraino hartzen du Sakanan. Baina ibarretik kanpoko herriak ere bere ardurapean ditu: Lekunberri, Betelu, Larraun eta Araitz aldekoak. Sakandarrei zerbitzua emateko Irurtzunen 2 mediku, 2 erizain, 2,5 administratibo, pediatra bat bere erizainarekin eta gizarte langile bat daude eta Uharte Arakilgo kontsultategian mediku bat eta erizain bat.
Etxarri Aranatz
Lakuntza eta Urdiain arteko osasun eskualderako 4 mediku daude (1 Lakuntza-Arbizu, 2 Etxarri-Ergoiena, 1 Bakaiku-Iturmendi-Urdiain), 4 erizain (medikuen banaketa bera), 4 administratibo, pediatra bat eta bere erizaina eta gizarte langile bat. Bi urtez Santanderren bizi zen Moldaviako mediku bat aritu da osasun eskualdean eta hura egon den bitartean ederki moldatu dira. Baina joan egin da. Pediatra amatasun bajan dago eta hura ordezkatzen zuenak alde egin du. Lehen Arretako medikuek kontsultak pasatu dituzte, baina haurrek pasa beharreko azterketak pediatren kontu direnez, ezin dira egin.
Altsasu
Burunda mendebaldeko hiru herriek osatzen dute Altsasuko osasun eskualdea eta honako plantilla du: 6 mediku (4 Altsasun, 1 Olatzagutian, 1Altsasu-Ziordia), 6 erizain (berdin banatuta), pediatra bat eta erdi, pediatriako erizaina (azaroan beste lanaldi erdia hasiko da), 4,5 administrari, eta gizarte langile bat. Ordezkapenak egiteko mediku bat dute Altsasuko osasun eskualdean baina, ezin iritsi, oporretan minimoen azpitik egon direla aitortu digute. Batzuen oporrekin batera bajak egon direlako. Halakoetan larrialdi bat gertatu eta medikua Iruñera joan behar izanez gero osasun etxean bakarra geldituko litzatekeela pentsa izan dute batean baino gehiagotan.