Foro Sozialak Marko lokaletatik bizikidetza eraikitzen: Esperientziak, aukerak eta Nafar udal ordezkarien baliabideak saioa antolatu zuen Iruñean larunbatean. Hartan Nafarroako 80 udal ordezkarik parte hartu zuten. Eta alkateen mahai inguruan Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak parte hartu zuen.
Foroaren izenean Expe Iriartek eta Begoña Uhartek hartu zuten hitza. "Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik, nafar gizartearen baitan eman beharreko adiskidetze prozesu baten oinarriak eraikitzen hasteko oinarrizko motorea izan behar dute". Nabarmendu zutenez, "beharrezkoa zaigu hurkoaren sufrimenduaren aurrean beste albo batera begiratu zuten horiekin adiskidetzea. Eta sufrimendu guztiez mintzo gara, anbiguotasun eta ekidistatziarik gabe". Horretarako, " beharrezkoa da aktore guztiok gertukoa zaigun iragan horren gaineko irakurketa kritiko bat egitea". Kritika hori "kritikoa, eraikitzailea eta partekatua" izatea eskatu zuten forotik. Bai ETAri bai egungo agintariei ariketa hori egitea eskatu diete. Udal ordezkariei, bestalde, " Nafarroan bizikidetza berri bat eraikitzearen alde lan egingo duten aktore" bilakatzeko eskatu zieten.
Foro Sozialeko ordezkariek jakinarazi zutenez, Nafarroako instituzioen parte diren sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuta egotea bermatzeko eta bakoitzak bere testigantza eskaintzeko gonbidapenak egin zituzten eta hori ez lortzeagatik atsekabea azaldu zuten. Baina sentsibilitate guztiak elkartzeko saiakerak egiten segituko dutela jakinarazi zuten.