Lagun Arteak puntuatu zuen, baina Etxarrik ez

Guaixe 2017ko aza. 6a, 13:08
Lagun Arteak hiru puntu ekarri zituen Zizurtik.

Preferente maila. 8. jardunaldia: Ardoi 1 – Lagun Artea 3 / Amigó 1 – Etxarri Aranatz 0

Asteburu honetan txanponaren bi aldeak ikusi dituzte preferente mailan dabiltzan gure taldeek. Alde batetik, Lagun Arteak hiru puntu ekarri zituen Zizurtik, Ardoiren kontra jokatutako partida gogorrean 1 eta 3 irabazi eta gero. Hasieran Zizurko taldeak hartu zuen jokoa antolatzeko ardura, eta jokaldi politak sortu zituzten. Horietako batean, 28. minutuan, Ibirikuk Ardoi aurreratu zuen. Baina lakuntzarrek ez zuten behera egin, presionatzen hasi ziren, jokoan gora egin zuten eta 37. minutuan Nagorek bana berdindu zuen. Bigarren zatian, Lagun Arteak erasoan jarraitu zuen eta Goñik eta Beorlegik sartutako golei esker, azkenean 1 eta 3-ko garaipenarekin etorri ziren Lakuntzara jokalari txuriak.

Bestalde, Iruñean azken unean garaipena lortu zuen Amigók, Etxarriri 1 eta 0 irabazita. Lehen zatian bi taldeak saiatu ziren, baina Amigókoek apenas lortu zuten Etxarriko atea defendatzen zuen Gorriz urduri jartzea eta Etxarrik ez zuen kontrako atean asmatu. Bigarren zatian, Amigók agintzen zuen jokoan eta Etxarri kontraerasoekin mina egiten saiatu zen. Partida husnako berdinketarekin despedituko zela zirudienean, alderatutako baloi bat jaurtita garaipenaren gola sartu zuen Amigók eta punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak.

Lagunak taldeak jarraitzen du lider (19 puntu), Infanzonesi 2 puntu aterata. Lagun Artea 11.a da sailkapenean (8 puntu) eta Etxarri Aranatz 16.a  (4 puntu). Asteburuan Lagun Arteak Amigó taldea hartuko du Zelai Berrin eta Etxarri Aranatzek ere etxean jokatuko du, San Donato zelaian, sailkapenean 8.a den Castillo de Tiebasen kontra. Ea etxean jokatzearekin animatzen diren eta jokoan dauden puntuak etxean gelditzen diren.