Nerabeen arteko drogen kontsumoa izugarri murriztu da Islandian

Sakanako Prebentzio Zerbitzuak 2017ko aza. 10a, 08:07

kolaboratzaileak

Orain dela gutxi jakin dugu nola Islandian nerabeen arteko droga guztien kontsumoa murriztu egin den. Egun, Islandia Europako lehenengoa da bizitza osasuntsua daramaten nerabeen kopurua kontuan hartzen badugu. Adibide gisa, 15 eta 16 urte arteko gazteen artean, aurreko hilabetean mozkortu denaren kopurua 1998an %42a zen eta 2016an %5a. Eta aipatzekoa ere kanabisa noizbait probatu dutenak %17tik %7ra jeitsi dela eta baita tabako erretzaileen artean jeitsiera egon dela %23tik%3ra, adin tarte horretan.
Nola egin da? Gizarte mugimendu baten bidez, “mozkor naturala” sortzen duen mugimendua, non jendea ekimen osasuntsuetan sortutako kimikarekin “jartzen” den.
Ideia honetatik abiatuta eta dirulaguntza garrantzitsu bati esker, proiektua martxan jarri zen. Proiektuan parte hartzen zuten nerabeei ez zitzaien esaten terapia batean zeudela, beraien gustuko zerbait ikastera zihoazela baizik: musika, hip hop, dantza…. Honen bidez beraien burmuinetan kimika osasuntsua sortzea zen helburua.
Proiektu berritzaile hau “Islandiako gazteria” izendatu zuten eta estatu osoan ezarri zen. Legeak aldatu zituzten, 18 urte baino gutxiagokoek ezin zuten tabakoa erosi, alkohola erosteko 20 urte beteta izan behar ziren eta bi substantzia hauen publizitatea debekatu zen. Familia eta ikastetxeen arteko harremanak sendotu ziren. Familiekin beraien seme-alabekin denbora gehiago eta” hobea” pasatzeko formazioa ere egin zen. Ikastetxe eta familien artean adostu ziren hainbat kontu: festak, alkoholaren erabilera…
13 eta 16 urte arteko gaztetxoak ordu konkretu batzuetan etxetik ateratzeko debekatzen zuen lege bat ezarri zen. Estatuak dirulaguntzak handitu zituen musika eskoletarako, kirol taldeetarako, eta bestelako ekintzetarako. Diru sarrera gutxiago zituzten familientzat ere ekintza horietan parte hartzeko diru-laguntzak handitu ziren.
Bukatzeko, gogoeta bat: zenbaitetan zaila da Lehenengo prebentzioan emaitza kopuruetan ikustea, baina argi dago Islandiakoa adibide bat dela. Hor ikusten da zein garrantzitsua den prebentzioan oinarritzea, eta baita ere merkeagoa dela aurreikustea, ondorioak leuntzeko tratamenduetan gastatzea baino.