Mendian Euskaraz taldeak ateak zabalik

Guaixe 2017ko aza. 8a, 11:20

Euskal Herri mailako taldea da eta irteerak euskaraz egiten ditu. Euskaldunak eta euskaldun berriak ongi etorriak direla aipatu digute

Mendira joan eta bertan euskara hutsean aritzeko sortu zen Mendian Euskaraz taldea. Euskal Herri mailako taldea da. “Toki guztietako jendea dugu. Eta euskal giroan bizi nahi duten mendizaleei gure proposamena zabaldu nahi diegu” adierazi digu aipatu taldeko kide Edu Zabalak. Zabalak gaineratu duenez, edonork parte hartu dezake Mendian Euskaraz taldeak antolatutako irteeretan. “Edonor etorri daiteke. 20 kide inguruko talde sendoa gara. Euskal giroko jendea gonbidatu nahi dugu, mendia gustuko dutenak, mendiaren alorrean espazio bat irekitzeko, euskaraz” gonbidatu du Zabalak.

Taldeak duen blogean azaltzen denez, mendien ondarea ezagutu nahi dute, euskaraz. Euskaraz bizi nahi duen orori beste euskalgune bat eskaini nahi diete, eta euskara ikasaten ari direnek ere lekua dute taldean. “Bide batez, Euskal Herriko tokian tokiko mendizale euskaldunekin harremanetan sartu nahiko genuke, bakoitzak bere inguruko mendien ondarea beste euskaldunoi ezagutzera emateko”.

Mendian Euskaraz taldearen informazioa mendianeuskaraz.blogspot.com.es blogean jaso daiteke eta baita Facebookean ere (mendianeuskaraz). Harremanetarako, mendianeuskaraz@gmail.com eposta ere badute.

Hurrengo irteerak
Azaroaren 19an Lizuniaga (Bera) eta Larrun arteko mendi ibilaldia eginen dute (10 km, 800 m desnibela). 8:45ean jarri dute hitzordua Lizuniagako jatetxean. Irteeran Larrun Ez Hunki ekimenarekin bat egingo dute. Eta guztiz itxia ez badago ere, abenduaren 17rako Deba-Zumaia hondartzatik ibilbidea egiteko asmoa dute, Flyschak ezagutzeko.