Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko gazte asanbladek bat egin dute Sakanako gazte eguna antolatzeko. Arakil-Irurtzungoa aurten kanpo gelditu da datak San Martin festekin bat egiten duelako. Gazteek adierazi dutenez, “aisialdi alternatiboa eta herrietako gazteen problematika desberdinak lantzen dituzte guztiek”.
Gazte egunaren aurkezpenean adierazi zutenez, “badira urte batzuk jada, Euskal Herriko hainbat gaztek, okupazioa baliatuz, kapitalari errotik espazioak kentzen eta herriari alternatibak eskaintzen hasi zirela. Espazio horiek gaztetxe bihurtu zituzten, autogestioan eta asanbladaren ideietan oinarritutako guneei bide eginez”. Sakanako gazte asanbladako ordezkarien esanetan, “gazte haiek bizi zuten errealitatea eta gaur egun guk bizi duguna oinarrian berdin jarraitzen du sistema kapitalistaren baitan”. Horregatik, “gaur egun ere gaztetxeak okupatzen eta gazte asanbladek herrietan kontraboterea sortzen jarraitu behar dute. Gazte asanbladak gazteen ahalduntzea garatzeko eta etorkizuna borrokatzeko guneak diren heinean bizirik eta sasoitsu behar dute”.
Biharko antolatu duten egitarauan ez da dena ospakizuna izanen. “Borrokak saretzeko” lanaren, feminismoaren, euskararen eta errepresioaren inguruko mintegiak antolatu dituzte goizerako. Gazte sakandarrak haietan eta egun osoko egitarauan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Egitaraua
10:30 Gosaria eta mintegien harrera, plazan.
11:00 Lana, euskara, feminismoa eta errepresioa mintegien hasiera.
13:00 Prentsaurrekoa.
13:30 Trikipoteoa.
14:30 Bertso bazkaria, Saats Karasatorre eta Idoia Granizo.
18:00 Gazte asanbladen arteko olinpiadak.
19:30 Manifestazioa: gazte borrokaz herri boterea eraiki.
20:30 Elektro Zarata elektrotxaranga.
22:30 Bokatada.
00:00 Kontzertuak: Brutal Room, Nafarroa Gorria, Embajada eta gaupasa dj-kin.