Sergio Garcia de Eulate, Espainiako Kopako Txapelduna

Guaixe 2017ko aza. 8a, 12:50

35 eta 39 urte arteko adin tartean gailendu da Sakana Triatloi Taldeko altsasuarra

Urriaren 22an Ibiza Half Triathon proba jokatu zen, Espainiako Distantzia Erdi eta Luzeko Koparako baliagarria zen azken proba. Espainiako Distantzia Erdiko Koparako 7 probek puntuatzen zuten eta denboraldian barna horietako lauretan aritu da Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate triatleta altsasuarra.

Zehazki, Orihuelako Triatloian, Iruñeko Half Triatloian, Valentziako Triatloian eta Guadalajarako Half Triatloian lehiatu da Garcia de Eulate. Azken proban, Ibizan, ezin izan zen aritu, baina aurretik aritutako probatako hiru denbora onenak hartu ditu aintzat antolakuntzak. Horrela, egindako lan bikainari esker, Espainiako Distantzia Erdiko Kopako proba absolutuan 16.a sailkatu da Garcia de Eulate –A.D. Tri-Penta Terras de Lugo taldeko Gustavo Rodriguez izan da txapelduna– eta bere adin tartean, 35-39 urte artean, txapelduna izan da.

Lau probak
Apirilaren 22an, Orihuelan (1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrikan), 35 eta 39 urte arteko kategorian hirugarrena sailkatu zen altsasuarra (4:35:00); maiatzaren 13an jokatutako Pamplona-Iruñea Half Triathlon erronkan (1,9 km igerian, 85 km bizikletan eta 21 km korrika), Garcia de Eulate 92.a sailkatu zen eta 35-39 urte arteko multzoan 19.a (4:28:24). Ondoren, ekainaren 10ean, Half Valencian (1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21,1 km korrikan) elite mailan 41.a sailkatu zen eta 35-39 urteko adinkako sailkapenean 8.a (4:19:17). Eta uztailean, Guadalajaran (1,9 km igerian, 92 km bizikletan eta 21 km korrika), proba absolutuan 36.a sailkatu zen eta bere adin tartean bosgarrena (4:51:58). Esandakoa, Espainiako Triatloi Kopako 35-39 adin tarteko txapelduna dugu Sergio Garcia de Eulate, egindako lanaren aitortza bikaina.